Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuan hizkuntzen ikaskuntza ekintzaren inguruan eraikitzen da, eguneroko bizitzan ere hizkuntza testuinguru sozial jakinetan ekintza jakin batzuk aurrera eramateko erabiltzen baitugu. Torontoko Unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea den Enrica Piccardok idatzitako txosten honek oinarrizko printzipioak biltzen ditu. Eguneroko bizitzan, hizkuntza ez dugu erabiltzearren erabiltzen, eta hizkuntzen irakaskuntzan gauzatu beharreko zeregin edo atazen helburuak ere ez lirateke hizkuntzara soilik mugatu beharko. Aitzitik, hizkuntzaren erabilera bestelako helburuak lortzeko bitartekotzat hartu beharko litzateke.

Zeregin edo atazen bidez ikasleek konpetentziak garatzen dituzte. EHEMBren arabera, konpetentziak norbanakoak ekintzak aurrera eramateko beharrezkoak dituen jakintza, gaitasun eta ezaugarrien batura dira. Era honetan, konpetentzia kontzeptua bera ekintzarekin lotzen da.

Ekintzan oinarritutako ikuspegian, ikasleak ekintza soziala eskatzen duten egoera sozialetan jarduten duten agente sozialtzat hartzen dira. Beraz, zeregina/ataza ez da jarduera soil bat, ezta helburutzat komunikatzea soilik duen zeregin bat ere. Hau da, ez da hizkuntzaren forma eta egitura jakin batzuk ahoz edo idatziz erabiltzeko aitzakia bat. Zeregina/ataza hizkuntzaz harago doan helburu jakin bat duen eginkizuna da, testuinguru baten barruan gauzatzen den ekintza.

Elkarrekin loturarik ez duten jarduerak edota hizkuntzaren garapenari begirako mailakako jarduerak proposatu beharrean, ikasleak helburu jakin bati lotzen zaizkion ekintza esanguratsu batzuk burutzen ditu. Era honetan, hizkuntzari lotutako alderdiak lantzeak ahalbidetzen du zeregina/ataza bera behar bezala gauzatzea.

Alde batetik, zeregina/ataza burutzeko urrats bakoitzak hizkuntzaren alderdi desberdinak lantzen dituenez, zeregina/ataza burutzerako ikasleak egingo dituen ekintzak askotarikoak izango dira. Hala, hizkuntzari lotutako ekintzek toki handiagoa edo txikiagoa izan dezakete. Bestetik, zeregina/ataza burutzeko bidean, zenbait urratsetan hizkuntza asko erabiliko da, eta beste batzuetan, berriz, ez horrenbeste. Hau da, hizkuntza ez da beti izango burutuko diren urratsen lehentasuna. Halaber, zereginak/atazak sinple samarrak edo oso konplexuak izan daitezke. Era honetan, zeregin edo ataza batzuk “azpi-zereginak/azpi-atazak” izan daitezke, hau da, ikasleari helburua betetzen lagunduko dioten urratsak.

Egilea: Ane Odria

Ane Odria