Egun, gero eta kultura gehiago bizi dira elkarrekin gizartean, eta Haur Hezkuntzako geletan ere hainbat kulturatako umeek parte hartzen dute. Hartara, eskoletan elkartzen diren kulturetako haurrei kalitatezko hezkuntza ematea premiazkoa da. Helburu horri erantzuteko, Susan Bennet, AnnMarie Alberton Gunn, Guda Gayle-Evans, Estanislado Barreda eta Cynthia B. Leung ikertzaileek Early Childhood Educational Journal aldizkari zientifikoan argitaratutako artikuluan lan egin zuten.

Ikertzaileek Estatu Batuetako eskola batzuetan jarraitzen zaion ikuspegia aztertu zuten,  “Culturally Response Teaching” (CRT) delakoa. CRTk gelan dauden ikasle guztien kulturak kontuan hartzen ditu, eta ikasleei, bere burua ezagutzeaz gain, euren ikaskideak hobeto ezagutzeko aukera ematen die. Ikuspegi horrek hezkuntza-berdintasunean jartzen du arreta, eta denontzat arrakasta akademikoa bermatzera zuzenduta dagoela diote autoreek.

Bennet eta kideen aburuz, haur-hezkuntzan bost dira CRT osatzen duten dimentsioak: 1) gainerako kulturekiko errespetua adierazten duen ikasgela-komunitatea sustatzea, 2) familien parte-hartzea, 3) justizia soziala bere baitan hartzen duten jarduera literario kritikoak, 4) hainbat kulturatako literatura lantzea eta 5) kulturak kontuan hartzen dituen dekorazioa izatea.

Askotariko kulturak biltzen dituzten Haur Hezkuntzako ikasgeletan oinarrizkoa da ikasle guztiengan itxaropen handia izan eta mantentzea. Gainera, ikertzaileek diotenez, irakasleek argi izan behar dute irakaskuntza-prozesua (ikuspegi horretatik) dinamikoa dela eta familiak aliatu bikainak direla.

Hala ere, egileek azpimarratzen dute, hezkuntzarekin lotuta dagoen beste edozein alderdirekin gertatzen den bezala, ez dagoela inolako formula magikorik. Bestalde, egileek gogorarazten digute arrakasta akademikoak eta ikuspegi kritikoa sustatzeak berebiziko garrantzia dutela kultura anitzeko Haur Hezkuntzako geletan.

Egilea: Andrea Khalfaoui

Andrea 2017