Egungo eskoletan garrantzi handia dauka ikasleen inplikazioak. Izan ere, zenbat eta handiagoa izan ikaslearen inplikazio-maila, orduan eta hobeak izan ohi dira lortzen dituen emaitzak, eta probabilitate txikiagoa du portaera arriskutsuak (delinkuentzia edo eskola-uztea, adibidez) izateko.

Ikaslearen inplikazioa gizabanakoaren ezaugarri gisa ulertu izan da, eta ez hainbeste irakaslearen laguntza- edo irakaskuntza-egituren emaitza gisa.

Norvegiako Stavanger Unibertsitateko Havik eta Westergard autoreek, herrialde hartako 10 eskolatako 1.769 ikaslerekin egindako ikerketa batean, galdera honi erantzutea izan zuten helburutzat: ikasleek ikasgelan gertatzen diren interakzioen inguruan dituzten pertzepzioek eragiten al dute beren ikaskuntza-prozesuan duten inplikazio-mailan?

Autore horiek bi inplikazio mota aztertu zituzten: portaerazkoa (adibidez, zereginari eskainitako denbora) eta emozionala (adibidez, ikasleek beraien eskolarekiko  zituzten sentimenduak eta lotura). Bestalde, interakzioak edo elkarrekintzak neurtzeko, irakaslearen babes emozionala, kontrola eta irakaskuntza-laguntza aztertu zituzten, horretarako ikasleei hainbat galde-sorta betetzeko eskatuz.

Ikerketa horretan ikusitakoaren arabera, ikasleak bere ikasgelan kalitate altuko elkarrekintzak hautematen dituenean inplikazio-maila handitu egiten da. Bereziki, irakaslea emozionalki laguntzeko prest dagoenean (adibidez, ikasleekiko ardura eta gozotasuna azaltzen dituenean), haren ikasleen inplikazio emozionala hobetu egiten da. Bestalde, aurreko ikerketetan bezala, inplikazioa generoaren arabera eta ikasketa-mailaren arabera ezberdina dela ere aurkitu dute: neskek portaera-mailako inplikazio handiagoa dute, eta, era berean, lehen hezkuntzan inplikazio emozionala handiagoa da.

Beraz, ikasgelaren testuinguruko aldagaiek edota faktoreek erlazio zuzena dute ikasleen inplikazioarekin, eta ikaslearen ezaugarrietatik haratago doa. Emaitza horiek kontuan izanik, ikasleen inplikazioa areagotu nahi bada, irakasleak ikasleen “zaintza pedagogikoa” egin behar du, eta elkarrekintza sozial horietan ikasleekiko ardura azaldu behar du, portaera desegokiak bideratu eta galdera egokiak egin, besteak beste. Modu horretan, ikasgelan gertatzen diren interakzioen kalitatea bermatuz, ikasleen garapen akademikoa eta soziala hobetuko da.

Egilea: Alaitz Aizpurua

PHOTO-2019-03-31-22-44-21