Sor Juana Inés de la Cruz haur-hezkuntzako eskola Tlajomulco de Zúñiga (Jalisco) hirian dago eta  hezkuntza-jarduketa arrakastatsuak (HJA) egiten hasi zen 2016-2017 ikasturtean. Eskolan, egoera zaila zen hezkuntza-komunitatearen barruan, bizikidetza zaila zelako eta emaitza akademikoak kaskarrak zirelako. Errealitate horren aurrean, hezkuntza-komunitateak ikas-komunitate bilakatzea erabaki zuen.

HJA aplikatzen hasi zenetik hiru urte baino gutxiago igarota, emaitza positiboak oso agerikoak dira. Zuzendariak, Claudia Álvarezek, eguneroko esperientzian oinarrituta, antzeman dituen aldaketak nabarmentzen ditu. Bereziki, konbentzimendu eta hezkuntzarekiko estimu osoz, Claudiak azpimarratzen du hauexek direla eskolak lortutako onura garrantzitsuenak: (1) ikasleek lortutako emaitza akademikoak, (2) bizikidetzaren hobekuntza, baita eskola-komunitate osoaren artean sortu diren harremanak ere, eta (3) gurasoek euren seme-alaben hezkuntzaren garrantziaz duten segurtasuna.

Hain zuzen, zuzendariaren pertzepzioa PLANEA (ikaskuntzak ebaluatzeko plan nazionala) proba estandarizatuan lortutako emaitzek berresten dute; proba horren bidez, Mexikoko Eskola Publikoaren Idazkaritzak herrialde osoko ikasleen ikaskuntzak alderatzen ditu. Proba horretako azken emaitzek erakusten dute, adibidez, 2015ean, hizkuntza eta komunikazioaren arloan, ikasleen % 6 soilik zegoela ikaskuntza-lorpenaren maila altuan eta, 2018an, aldiz, % 23 zegoela maila altuago horretan. Emaitza horiek Sor Juana eskola herrialdeko batezbestekoa baino bost portzentaje-puntu gorago jartzen dute. Hala ere, eskolak amesten jarraitzen du, eta zuzendariak lortutako emaitzak are gehiago hobetzen segitu nahi du.

Eskola horren alderdi esanguratsu bat senideen prestakuntza da. Senideentzako Literatura Solasaldi Dialogikoak (LSD) egiten hasi ziren, baina zuzendariak antzeman zuen senide guztiek ez zekitela irakurtzen, bertaratu arren, batzuek LSDn parte hartzen ez zutelako. Behar hori antzeman ondoren, eskolako intendenteari, José Nobelierri, interesa piztu zitzaion modu boluntarioan prestakuntza jasotzeko, helduak berariaz alfabetatzean prestatu ahal izateko, eta handik gutxira alfabetatze-eskolak hasi ziren. Ildo horretatik, Josék azaltzen du jarduketa horren bidez parte-hartzaileek gogoa eta konfiantza berreskuratu dutela hezkuntzarekin lotuta. Lehen parte-hartzaileetako bat Lorenza da, 70 urte dituena, eta bera izan da motibatzailea alfabetatze-taldea osatzeko eta handitzeko. Lorenza ezagutzea hezkuntzarekiko pasioa ezagutzea da, nahi izanez gero, amets guztiak posible direla ezagutzea da. Lorenza, Tlajomulco de Zúñigako komunitate osoarentzat ez ezik, hezkuntza tresna eraldatzailea izatea nahi duten eta horretan sinesten duten komunitate guztientzat ere adibidea da. Lorenzak, hunkituta, kontatzen du orain ilobarekin esertzen dela ipuinak irakurtzera; hori ezin izan zuen seme-alabekin egin. Irribarre lotsatiarekin erakusten digu idatzi zuen lehen gutuna, eta horren bidez laguntasuna eta gainditzeko espiritua eskatzen ditu, posibleak direnak Joséren elkartasunari eta Claudiaren konbentzimenduari esker.

 

“Bizitzako gauza onenak eta munduko ederrenak ezin dira ikusi, ezta ukitu ere, bihotzarekin sentitu behar dira. (…)”

Egilea: Teresa Morlá

Teresa Morlá