Dan Richmond, Jim Sibthorp, John Gookin, Sarah Annarella eta Stephani Ferri ikertzaileek eskolaz kanpoko ikasketek ikasgelako ikasketak nola osa ditzaketen aztertu zuten. Konkretuki, Outdoor Adventure Education (OAE) edo Kanpoaldeko Abentura Hezkuntzaren (KAH) eraginkortasuna neurtzeko helburua zuten.

Artikulu horrek literatura zientifikoan noncognitive factors  izenez ezagutzen direnen garrantzia azpimarratzen du. Azterlana egiteko, Los Angeleseko eskola bateko 50-90 neska nerabek parte hartu zuten, eta sei egun eta bost gaueko espedizioa egin zuten.

Emaitzen arabera, hiru arlo nabarmenduko genituzke: gizarte-loturak (social connectedness), norberaren lidergo-eraginkortasunaren konpetentzia (self-efficacy in leadership competencies) eta norberarenganako zentzutasuna (recalibrated sense pf self).  

Gizarte-loturei dagokienez, parte-hartzaile nesken artean, gairik aipatuena izan da, ikertzaileen aburuz. Esate baterako, 8. mailako neska batek aipatu zuen emozio-loturak eta sortutako erlazioak izan zirela berarentzat gauzarik ohargarrienak; izan ere, bertako zein eskolako bizimodua hobera aldatu zitzaion. Gainera, taldean lan egiteak ahalbidetu zuen guztiek helburu berbera izatea, eta ikerketak erakutsi digunez, horrek eragin handia dauka giza erlazioetan. Beste ikasle batzuek aipatu zuten moduan, talde-lanak gatazken aurrean modu eraginkorragoan jokatzea erraztu zuen. Hor ere agerian geratzen da talde-lanaren aberastasuna.

Norberaren lidergo-eraginkortasunaren konpententziaren inguruan zera da aipatzekoa: taldeko kideekin konfiantza lortuz gero, ikasleen gaitasuna handitzen dela arrisku pertsonalak kontrolatzeko, besteekin lan egiteko eta erabaki kontsekuenteak nahiz zoritxarra kudeatzeko. Hori dela eta, KAH esperientziak beste rol batzuk hartzea ahalbidetu zien, egoera normaletan edo inguruneko bizitzan gertatuko ez liratekeenak.

Ikasleek beste ideia interesgarri bat aipatu zuten: talde-erabakiak hartzeak inplizituki guztien arteko komunikazioa sustatzea dakarrela. Era berean, aholkatzeko jarrerak autoritate-jarrerak baino baliagarriagoak direla adierazi zuten.

Norberaren zentzutasunari dagokionez, aipatzekoa da etxetik at egoteak eta bakarrik hausnartzeko aukerak ahalbidetu zutela horretaz ohartzea. Beraz, KAH esperientziak, psikologikoki, pertsonen arteko eta gure buruarekiko erronkak lantzen lagundu zuen. Noski, horrekin lotuta, bakoitzak egoera ezberdin baten aurrean moldatzeko estrategiak edo teknikak irakatsi zizkien. Ikasketa horretan, pertsona guztien baikortasuna ezinbestekoa izan zela azaldu zuten. Ikerketek adierazi dutenez, jarrera baikorra izateak asko laguntzen du eragozpenei zein egoera deserosoei konponbideak bilatzen. Horretarako, ezinbestekoa da guztioi ardurak ematea.

Ondorio gisa, artikuluak adierazten du azkenean frogatu dela KAH esperientziak ikasketa-prozesuan eragina duela modu pertsonal zein akademikoan eta, gainera, epe luzean arrakasta akademikoa lortzea sustatzen duen aukera dela.

Egilea: Patricia Peña

WhatsApp Image 2019-03-13 at 12.18.59