Aita Mariren tripulazioa azken errebisio- eta hornitze-lanak egiten ari da eta aste honen bukaeran Mediterraneoko portu txiki batera abiatuko da; handik, lehenbailehen, giza erreskate-lanei hasiera ematea espero du, Libiatik ez oso urrun. Getariako Portuan Maydayterraneo proiektuari lotutako itsasontzia aurkeztu zenetik, hilabete batzuk igaro dira, eta, hala ere, Merkataritza Itsasketako Zuzendaritza Nagusiak oraindik ez du nabigatzeko beharrezkoa den baimena eman.

Azken asteak Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko dikean eman ditu Aita Marik, eta, tarte horretan, elkartasun-keinu asko jasotzeaz gain, bisita ugari izan ditu. Horien artean daude lehendakariarena eta Iruñea, Bilbo, Santurtzi, Turtzioz eta beste leku batzuetatik etorritako ikasleenak. Asteburuak eta inauterietako jaiegunak ere aprobetxatu dituzte hemengo nahiz kanpoko familiek itsasontzira hurbiltzeko, eta ez dira faltatu Sevillako, Bartzelonako, Madrilgo edo Malagako turista-taldeak.

Hurbildu diren pertsona guztiek, Itsas Laguntza Humanitarioa GKEko kideen edo boluntarioen laguntzarekin, aukera izan dute ondo ezagutzeko erreskate-itsasontzi bilakatutako atun-itsasontziaren historia, zergatik jarri dioten izen hori, erreskateak nola egiten dituzten, nola zaintzen dituzten Mediterraneotik ateratako pertsonak eta abar. Era berean, tripulazioaren bizimodua hobeto ulertzeko, itsasontziaren instalazioetatik ibilalditxo bat egiteko abagunea izan dute.

Egilea: Luisa Mari Puertas

Luisa Mari