Kaierako hainbat artikulutan irakurri dugu ikasleen errendimenduak eta ikaskuntzak lotura zuzena dutela, batez ere, horien hezkuntzan parte hartzen duten eragile sozialekin dituzten interakzioekin.

Hala, Includ-ED programaren baitan dagoen 6. proiektuak, besteak beste, familiek eskolan duten parte-hartzea eta horrek ikasleen arrakasta akademikoan duen eragina aztertzen ditu. Ikertzaileek, hainbat herrialdetako eskoletan egindako bost urteko azterketa longitudinalari esker, eskoletan familiaren eta komunitateko bestelako eragileen hainbat parte-hartze eredu identifikatu dituzte.

Horri lotuta, Beatriz Martinez eta Reko Niemelä ikertzaileek parte-hartze ereduen eta horiek ikasleen errendimendu akademikoarekin duten loturaren inguruan dagoen literatura zientifikoaren azterketa aurkeztu zuten. Bertan adierazten dutenaren arabera, hainbat dira komunitatearen parte-hartzearekin batera errendimenduan hobekuntza sortzen duten hezkuntza-esperientziak, eta familiaren rolak protagonismo nabarmena hartzen du horietan guztietan.

Artikuluak Includ-EDek identifikatutako lau parte-hartze eredu aipatzen ditu, betiere bazterketa soziala gutxitu eta arrakasta akademikoan laguntzen dutenak. Honako hauek dira:

1. Familien prestakuntza: horri esker, parte-hartzaileek eskolak erabiltzen duen hizkuntzan hobetzen dute, eta, halaber, alfabetatze digitalari esker, parte hartzeko erremintak eskuratzen dituzte. Prestakuntzak seme-alaben etxerako lanetan laguntzeko aukera ematen die, eta etxeko ohiturak (lan egitekoak) aldatzen dituzte mundu akademikora hurbiltzen diren heinean. Horrek guztiak positiboki eragiten du parte-hartzaileen autoestimuan.

2. Erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzea: esparru honetan, komunitatearen eta, bereziki, senideen parte-hartzeak eskola-uzteak gutxitzen laguntzen du, baita ikasleen hezkuntzarako motibazioa handitu ere. Parte-hartze horrek, eskolaren eta senideen arteko koordinazioa sendotzeaz gain, eskolako bizikidetza hobetzen du.

3. Curriculumaren garapenean eta ebaluazioan parte hartzea: ikerketa batzuek baieztatu dute komunitateak curriculumarekin nahiz ebaluazioarekin lotutako erabakietan parte hartzeak ikasle guztien beharrei erantzuteko aukera ematen duela.

4. Familiek eta komunitateko beste pertsona batzuek gelan parte hartzea: ikasgela talde heterogeneotan banatu eta partaide heldu gehiago sartzeak (talde elkarreragileak kasu) ikasle guztien ikaskuntza-prozesua azkartzen du.

Ikus daitekeen bezala, familiaren eta bestelako eragile sozialen parte-hartzea bultzatzeak, horretarako behar diren espazio eta uneak sortuz gero, ikasleen hezkuntza-arrakastan eta eskolako bizikidetzan laguntzen du.

Egilea: Lander Azkue