Elorrioko Institutuak duela 13 ikasturte ekin zion Jasangarritasunerako Hezkuntzaren ildotik Ikastetxeko Agenda 21 definitzeari, eta erabilitako hainbat baliabide didaktikoz gain, beste helburu eta ekintza batzuk martxan jarri ditu. Horien artean daude, esaterako, bioaniztasuna, hondakinen kudeaketa, aztarna ekologikoa, mugikortasuna, kontsumo iraunkorra eta ekonomia zirkularra. Aurten elikadura zirkularra dugu ardatz, aurreko ikasturteko ekonomia zirkularrari jarraipena emateko.

Proiektu horretan, balizko arrakastaren oinarria Hezkuntza Komunitate osoaren esku hartzea dela sinesten dugu, eta horretarako eratu da Eskola Agenda 21eko Ingurumen Batzordea. Han, ikasleek, irakasleek, gurasoek, zuzendaritzak eta langile ez irakasleek hartzen dugu parte.

Gurasoen aldetik, hainbat tailer antolatzen dira HAUSPOA orduetan, besteak beste, birziklapenari eta asiar liztorrari buruzkoak. Azken aldian urtero errepikatzen da, prestakuntza ematen da, tranpak egiten ikasten dugu eta, azkenik, institutuaren inguruan kokatzen dugu. Horrela, espezie inbaditzaile horren kontrol- eta ugaltze-prozesuan laguntzen dugu.

Ikasleei dagokienez, bi azpitalde ditugu, AG21 bera eta IRAES taldea, jasangarritasunaren ziurtagiria daukagun ikastetxeekin lan egiten duena. Gureak orain dela zortzi urte lortu zuen ziurtagiria eta, aurten, auditoretza egingo dugu berriro, otsailean. Bi taldeek gorago aipatutako gaiak lantzen dituzte, eta institutu-mailan kontzientziazio-kanpainak eta hobekuntzarako ekintzak egiten dituzte. Hori osatzeko, eskola-baratzea ere badaukagu, bertoko produktuak ezagutzeko erabiltzen duguna. Ikasturte osoan egindako lana maiatz inguruan azaltzen da udaletxean, Udal Foroan, herriko ikastolarekin batera. Bertan antzemandako hutsuneak konpontzea da foroaren helburua, eta hurrengo urtean berraztertu egiten dira.

Irakasleen aldetik, talde sustatzaile deiturikoa daukagu, ikasleak nahiz irakasleak dinamizatzeko astero biltzen dena. Hori guztia posiblea da zuzendaritzak AG21en aldeko apustu irmoa egiten duelako, ikastetxeko proiektua delako eta irakasleek horrela ulertzen dutelako.

Emaitzei dagokienez, pertsona kritikoak eta arduratsuak izatea da gure helburua, ingurugiroaren jasangarritasuna abiapuntutzat hartuta. Horrela, herri-mailan ikasleek detektaturiko arazo batzuk konpondu dira. Horien artean, arropen edukiontzi gehiago jartzea, oztopo fisikoak murriztea edo usteltzen ari zen zuhaitz bat moztea, eskola-eremuaren barruan arriskutsua zela ikusten zutelako. IRAES taldea, bestalde, urtero antolatzen den Euskal Confintera joaten da, Busturiako Madariaga Dorretxean egiten dena. Iaz, gure taldea aukeratu zuten eta neska ordezkari bi eta irakasle bat Albacetera joan ginen, Estatuko Confintera.

Etorkizunari begira kontzientziazio- eta ekintza-lanarekin jarraituko dugu, DBH1era datozen ikasleek ohitura jasangarriei ekin diezaieten. Hori lortzeko, eta urtero bezala, ikasleei Bock´nrolla banatzen zaie, hamaiketakoan aluminio-paperaren erabilera murrizteko. Era berean, ezin da ahaztu helburu orokorra ikas komunitate osora zabaltzea dela, baita denon inplikazioa eta parte-hartzea sustatzea ere.

Egilea: Xabier Rodriguez

XAbier Rodriguez