Goi-mailako hezkuntzak onura handiak ekar ditzake garapen ekonomiko eta sozialari begira. Hala ere, zenbait oztopok misio hori betetzea ekiditen dute. Adibidez, Espainian, unibertsitate-eredu feudala daukagu, non demokratizazio-prozesua osatu gabe dagoen, Francoren diktadura eta trantsizioaren ondorioz. Overcoming feudal constraints on educational research in Spain: the impact of the CIMIE conference artikuluan, CIMIE (Congreso Internacional Multidisciplinar de Investigación Educativa) kongresuan 2012. eta 2016. urteen bitartean parte hartu dutenek izan duten inpaktua, harreman akademiko mota berriak eta hezkuntza-ikerketa ulertzeko modu berriak eraikitzeko aztertu dute. Ateratako emaitzak lau ataletan banatu daitezke:

 

  1. CIMIEn parte hartu duten ikerlariek berdintasunezko harremanak eta elkartasun-sareak eraiki dituzte. Egoera hori oso desberdina da eredu feudaleko botere- eta isolamendu-egoerekin konparatuta.  

  2. Egitura feudalei aurre egitea berdintasunaren eta kalitatearen bidez. Kongresuko parte-hartzaile batzuek beste kongresu batzuetan bizitako egoera mingarriak identifikatu zituzten. Egoera horiek, batez ere, arlo zientifikoko pertsona kalteberei eragiten diete: emakumeei eta hasiberriak diren ikerlariei. Gainera, ikerketan ikusi da irizpide zientifikoa eta botere-erlazioak berriro kontzeptualizatzea lotuta daudela. Adibidez, jasotako paper–ak (komunikazioak) aztertzeko eta ebaluatzeko prozesuak ahalbidetu du horien kalitatearen arabera hautatzea, eta ez bidali duen ikerlariaren posizioaren arabera. Horrek hasiberriak diren ikerlariei mesede egin die, eta hori argi ikusi da CIMIEra bidali diren komunikazioen kopuruan. 2012. urtetik, % 128,6ko gorakada egon da.

  3. Elkartasun-sareak eraikitzea. Hainbat parte-hartzailek adierazi dute harreman onuragarriak sortu direla CIMIEn, adorea eta itxaropena ematen dutenak, batez ere unibertsitatean jazarpena jasan duten pertsonentzat. Kongresu honetan parte hartzeak bakarrik ez daudela ikusarazi die haien unibertsitateetan egoera latzak bizi izan dituztenei, eta borroka berdinean dauden pertsonekin kontaktuan egotea posiblea izan da horri esker.

  4. Zientzia behetik birpentsatzea. Parte-hartzaileek hauteman dute CIMIEn egoteak ikuspegi berriak ekarri dizkiela, inpaktu positiboa izan dutenak haien ikerketan. Kongresuan isolatuta lan egin ohi zuten hainbat ikerlari konektatzeko aukera egon da.

 

Laburbilduz, estatus ezberdineko ikerlariek ekimena askatzailetzat jo dute, unibertsitate feudalak dakartzan zamak alde batera utzita. CIMIEk unibertsitateko langileen artean berdintasunezko harremanak sortzen lagundu du, eta eredu feudaleko botere-harremanei aurre egin die.

 

Egilea: Ane Lopez de Aguileta

IMG-4251