Jakina da egunerokotasunak matematika ikasteko aukera bikainak eskain diezazkiekeela ume txikiei. Baina, nola? Ammy McDonald, Angela Fenton eta Chistina Davidson ikertzaileek kontzeptu eta prozesu matematikoen presentzia aztertu dute erosketa-giroetan gertatzen diren guraso eta umeen arteko elkarrekintzetan. Konkretuki, aztertu zuten zein kontzeptu edota prozesu matematiko azaltzen diren guraso eta umeen arteko elkarrekintzetan elkarrekin erosketak egiten dituztenean, bai eta horiek nola gertatzen diren ere. 

Horri heltzeko, 8 urte baino gutxiagoko umeak zituzten 6 familiak hartu zuten parte ikerketan.  Familia bakoitzak bere ohiko dendetan egin zituzten erosketak, umeekin batera. 

Zer motatako matematika lantzeko aukera dago supermerkatu batean?  Ikerketak dioenez,  ume txikienen artean, lokalizazioa, zenbatzea eta azaltzea dira gehien agertzen diren kontzeptu eta prozesu matematikoak. Ume txikienek, batez ere, keinuekin, begiradekin edota izendatuz egiten zieten erreferentzia produktuei eta euren kokapenei. Bestetik, umeek askotan gurasoek hartutako edozein produkturen zenbatekoa zenbatzen zutela ikusi zuten. Memento horietan, gurasoen erantzuna umeek zenbatutakoa era egokian aipatzea izan ohi zen. Azaltzeari dagokionez, umeak ziren gehienbat haien ideiak azaltzen zituztenak. 

Supermerkatuetako binetek zenbatekoaren eta balioen inguruko eztabaidak pizten dituzte, bai eta horien arteko konparazioetan aritzeko aukerak eskaini ere. Supermerkatua bezalako espazio arrunt batean, konparazioa produktuen ezaugarrien eta zenbatekoaren inguruko solasaldien oinarrian zegoen. Horren adibidea dira, aztertutako egoera batean ikusi zutenaren arabera, pataten prezioa eta tamaina konparatzea edo produktu pisutsuei eta arinei buruz hitz egitea.

Laburbilduz, McDonald eta kideek egindako ikerketaren ekarpena benetan baliagarria da; izan ere, hainbat esparrutan gertatzen diren elkarrekintzek ume txikien garapenean eta ikasprozesuetan eragina dutela frogatu dute. 

Umeak 6-7 urte dituenean, irakurtzeko zailtasun handiegiak badauzka, lehenbailehen esku hartzea komeni da. Ikerketak erakutsi digu hobe dela zailtasunak adin horretan gainditzea, zeren, bestela, atzean gelditzen direnek gero nekez lortuko baitute beharrezkoa den irakurketa-maila. Erronka horri aurre egiteko sortu zuen Marie Clayk Reading Recovery programa. Hainbat hamarkada egin ditu martxan, eta gaur egun ere oso ondo funtzionatzen duela erakutsi dute Delaware Unibertsitateko eta Pennsylvania Unibertsitateko hainbat kidek lau urtez egin duten ikerketan. Guztira, 6.888 lagun eta 1.222 eskola aztertu dituzte.

Bereziki trebatutako heldu batek ume bakarrarekin aurrez aurre egiten duen esku-hartze laburra da Reading Recovery-ren oinarria. Zailtasun handiak dituzten 6-7 urteko ikasleekin 30 minutuko 12-20 saio egiten dira egunero. Saio horiek indibidualizatuak eta intentsitate handikoak dira. Ikaslearen ikaskuntza-prozesua azeleratzea da helburua, ikasleak behar duen mailara irits dadin. Reading Recovery-k alderdi hauek lantzen ditu: kontzientzia fonemikoa, fonetika, hiztegia, jariotasuna, eta ulermena.

Trebakuntza egokia bermatzea ezinbestekoa da Reading Recovery programak ondo funtziona dezan. Unibertsitateko irakasle espezializatuak dira prozesuaren abiapuntua. Haien ardura da Reading Recovery leaders delakoak trebatzea. Graduondoko ikasketak dira. Reading Recovery saioak diseinatzen eta gauzatzen irakasten diete, batik bat. Baina ez maila teorikoan bakarrik. Irakasle adituekin eta zailtasunak dituzten ikasleekin bertatik bertarako harremana izaten dute trebakuntza-prozesuan zehar. Teoria eta praktika uztartzen dituzte intentsitate handiz. Irakasle adituei lanean behatzen diete. Era berean,  graduondokoa egiten ari diren bitartean, ikasitakoa berehala praktikara eramateko aukera izaten dute, eta egindako lanaren gainean adituen eta ikaskideen iritziak jasotzen dituzte etengabe. Dinamika horri esker, hobekuntzak segituan probatu ditzakete.

Graduondokoan trebatzen diren irakasleak eskoletara doazenean, zailtasunak dituzten umeei ondo irakurtzen irakatsiko diete, eta, horrekin batera, bertan lanean ari diren irakasleei Reading Recovery programa nola gauzatu erakutsiko diete. Ondo ikasitakoa zabaltzea oso garrantzitsua da egitasmo honetan.

Azken finean, kalitate handiko esku-hartzea da Reading Recovery-ren funtsa. Ikaskuntza-prozesua eraginkortasunez sustatzen delako lortzen dute ikasleek zailtasunak gainditzea.

Egilea: Andrea Khalfaoui

Andrea 2017