Zarata handiaren eraginpean egoteak umeengan helduengan baino efektu latzagoak dituela diote Maria Klatte, Kristin Bergström, eta Thomas Lachmann ikertzaileek, 2013an egindako ikerketen berrikuspenean.

 

Frontiers in Psichology aldizkari zientifikoan argitaratutako literatura-azterlanean, eskolaz kanpoko zaratak zein barnekoak umeen ikaskuntzako zenbait alderditan, hala nola irakurmenean, mintzamenean eta kontzentrazioan, duen eraginari erreparatu zioten.

 

Aztertutako ikerketen arabera, gelan sortzen diren zarata agudo eta kronikoek ikasleen mintzamen-errendimenduan negatiboki eragiten zutela ikusi zuten. Bestalde, eskolaz kanpoko zarata iraunkor eta biziek umeen irakurtzeko gaitasunean inpaktua zutela ikusi zuten. Zarata mota horien artean, hegazkinek sortzen dutena da aipatzekoa. Aireportutik gertu dauden eskoletan, hegazkinen zaratak umeen irakurketa-errendimendua ahuldu egiten zuen.

 

Horrelako zaraten menpe denbora luzez egoteak askoz eragin gogorragoak ditu Haur Hezkuntzako ikasleengan. Izan ere, zarata kronikoek oinarrizko hizkuntzaren garapenaren kontra egin dezakete, eta oinarri horretan eraikitzen diren gainerako arlo akademikoen aurka ere bai, hala nola irakurketaren aurka.

Maria Klatte eta kideen ondorioz, aztertutako ikerketen emaitzak kontuz interpretatu beharko diren arren, argi dago zarata handiek umeen ikasketa-prozesuei ez dietela mesederik egiten. Nahiz eta epe luzerako efektuak ikertzeko dauden, orain arte lortu diren datu enpirikoak seriotasunez hartu behar dira. Hala, adibidez, eskola berriak eraikitzeari dagokionez, kontuan hartu beharko litzateke aireportuekiko edota zarata gogorrak sortzen dituzten bestelako elementuekiko distantzia mantentzeko aukera. Izan ere, umeen garapen kognitiboa zaindu, sustatu eta indartzeko erantzukizuna dugu.

Egilea: Andrea Khalfaoui

Andrea 2017