Gizarte emankorra eta iraunkorra eraikitzeko, haurren garapen osasungarria oinarrizkoa dela azpimarratzen dute Jack Shonkoff eta Andrew Garner-ek. Sistema biologikoen garapena esperientzia goiztiar positiboen bidez indartzen denean, haurrek osasuntsu hazteko eta helduaro aktiboa izateko aukera gehiago izango dituzte.

Hainbat aurrerapen egiten ari dira arlo zientifiko anitzetan, neurozientzian,  biologia molekularrean eta genoman, besteak beste, eta horrek hainbat ondorio ditu. Horien artean, esperientzia goiztiarrak gure gorputzean integratzen direla; ezbehar adierazgarriek disrupzio fisiologikoa ekar dezaketela, eta eragina izan dezaketela estresari erantzuteko sistemaren garapenenean, burmuinaren eraketan, sistema kardiobaskularrean eta immunitate-sisteman, besteak beste. Disrupzio fisiologikoek helduaroan jarrai dezake, eta arazo fisiko nahiz mentalak sortu.

Jakina da haurren bizitzan estres toxikoaren maila altua arrisku-faktore bat dela. Asko ikertu da estresaren aurkako erantzun fisiologikoen eta euren ondorioen inguruan, eta ondorio ezagunena da estres-hormonek (kortisola, norepinefrina eta adrenalina) gora egiten dutela. Hormona horiek eragin kronikoa izan dezakete organo-sistemetan (burmuinean barne).

Estres toxikoak, haurren burmuinaren funtzionamenduan eta erregulazioan ez ezik, haren tamaina eta egituran ere eragin handia du.  Horrek ondorioak ekar ditzake ikaskuntzan (hizkuntzarako gaitasunetan, gaitasun kognitiboetan, gizarteratzeko gaitasunetan eta gaitasun emozionaletan), eta memorian eta funtzio exekutiboen prozesuetan eragin nabarmena du.

Argi dago haurren ongizatean, osasunean, ikasketa-prozesuan eta portaeran iraunkorrak izan daitezkeen ondorio negatiboak prebenitzeko albait arinen esku hartu behar dela, txikitatik aukerak emanda estres toxikoa murrizteko. Horregatik, beharrezkoa da programa arteko eta diziplinarteko estrategia bultzatzea, hau da, zientzien arteko elkarlana sustatu behar da, estres toxikoaren aurkako estrategiak aurkitzeko.

Egilea:  Olatz Campos

olatz