Galdera probokatzaile horri erantzuteko, John F. Stein-ek, Oxford Unibertsitateko ikertzaileak, dislexiaren inguruko 60 ikerketa zientifiko baino gehiago aztertu ditu. Autoreak adierazten du dislexiari buruzko teoria fonologikoak irakurmenean antzemandako zailtasunak bakarrik deskribatzen dituela, hitzen soinuak osagarri dituen fonemetan zatitzean, horiek idatzitako ikurrekin bat egin dezaten. Horregatik, teoria horrek dio dislexia jatorri soziala duten beste irakurmen-defizit batzuetatik desberdintzeko oztopo bat dela, bai familiaren sostengu faltagatik sortutakoetatik, bai ikasketa-prozesuko gabeziek sortutakoetatik. Ondorioz, zailtasun fonologiko horiek eragiten dituzten mekanismo fisiologikoak azaltzeko teoria bat bilatzen du, seguruenik mekanismo horiek direlako dislexia duten pertsonak jatorri sozialeko irakurmen-zailtasunak dituztenetatik desberdintzen lagunduko dutenak.

Lehenengoz, Steinek teoria neurologikoak aztertzen ditu, erresonantzia magnetikoen bidez ateratako garunaren irudiekin batera. Horiek desberdintasun argiak azaltzen dituzte irakurmen-zailtasuna duten pertsonen garunaren aktibitate kortikalean. Genetikan egindako aurrerapenak ere aipatzen ditu, eta dio bederatzi gene dislexiarekin argi lotu direla. Hala ere, berak dioenez, horiek ezin dira inola ere dislexiaren eragiletzat hartu, garatzen laguntzen badute ere.

Bigarrenez, denborazko prozesamendu arinaren sisteman sakontzen du, hain zuzen, hitz baten soinuen ordenari azkar eta zehaztasunez jarraitzeko trebetasuna ezinbestekoa delako memorian haren forma fonetikoaren irudi zehatza osatzeko. Gainera, nabaria da irakurmen-arazo askoren oinarria dela ahozko hizkuntzan soinuen ordena eta idaztean hizkien ordena ondo sekuentziatzeko trebetasuna ikastean gertatzen den porrota, dislexiaren ezaugarria.

Horretaz gain, oro har onartuta dago entzunezko eta ikusizko denborazko prozesamendua motelagoa dela dislexiadun umeengan.

Horrekin lotuta, dislexiaren teoria magnozelularrak esaten du denborazko prozesamendu urriaren eta dislexiaren sekuentziazio-gabezien eragile nagusia garun osoan zeharreko nerbio-zelula magnozelularren garapen kaltetua dela. Zelula horiek denborazko prozeduretan espezializatutako sistema koherente bat osatzen dute. Nahiko frogatuta dago ikusizko eta entzunezko sistema magnozelularra ez dela modu egokian garatzen dislexian, eta zelulen neurria txikiagoa dela, bai erretinan bai LGNan (lateral geniculate nucleus, ikusmen-imputa ikusmen-kortexera bidaltzen duena).

Hitz batez, benetako dislexia beste irakurmen-zailtasunetatik desberdintzeko, autoreak maila funtzional magnozelular baxuak ebaluatzea proposatzen du. Halaber, proposatzen du ikusmen-mugimenduaren sentsibilitate-test sinpleak eta entzunezko desberdintze-testak hobetzea, baita horien etorkizuneko bertsio elektrofisiologikoak ere. Hori baliagarria izan beharko litzateke etorkizunean dislexia modu eraginkorrean beste irakurmen-zailtasunetatik desberdintzeko, eta behin betikoz esateko dislexia existitzen dela

Egilea: Miren Urquijo eta DISLEGI taldea.