Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (OECD ingelesez) honako txostena argitaratu du: “Egitura-ezaugarriak eta kalitate-prozesuak lehen haurtzaroaren hezkuntzan eta zaintzan”

Nazioarteko ikerketa horretan, eskura dugun 0-5 urteko umeen hezkuntzari buruzko literatura aztertzen dute, bai ikastetxeetan bai etxean eskaintzen diren zerbitzuetan. Aztertutako ikerketa gehienak 3-5 urteko umeei buruz dira eta askoz datu gutxiago ditugu 0-2 eskaintzari buruz eta etxeko zerbitzuei buruz.

Esparru hauek aukeratu dituzte txikiei zuzendutako hezkuntza aztertzeko: sistema, antolaketa (ikastetxea), ikasgelak eta langileak. Lau esparru horiek kontuan izanda, 3-5 urteko haurrei, 0-2 urtekoei eta etxeko zerbitzuei buruzko ondorioak biltzen dituzte. Guztira, 23 herrialdetako 73 ikerketa sailkatu dituzte.

Ebidentzia argiena hauxe da: hezitzaileen prestakuntzak (bai hasierakoak bai iraunkorrak) korrelazio positiboa dauka prozesuen kalitatearekin. Ikastetxeen ezaugarriak azterturik, berriz, nabaria da ikerketa berriak beharrezkoak direla.

Txostenean zenbait behatze-tresna aipatzen dira kalitatea ebaluatzeko. Horien artean, “Environmental Rates Scales” deiturikoa, atal hauek dituena: espazioa eta altzairuak, hezitzaileen errutinak, hizkuntza, jarduerak, interakzioak, programaren egitura eta, bukatzeko, gurasoak eta langileak. Horrez gain, interakzioen kalitatea neurtzeko, tresna zehatzak aipatzen dituzte: CIS (umeekiko interakzioetan irakasleen sentsibilitatea neurtzen duena), CLASS (interakzioak, emozioak, jarrerak eta ikasketak), ORCE (interakzioak eta hizkuntza) eta ELLCO (interakzioak ikasgelan).

Txosten horretan, hiru taula aurkezten dituzte bildutako ikerketak ordenatzeko. Honela sailkatzen dute, adibidez, 3-5 urteko taula, kalitatearen atalen arabera:

  • Sistema edo maila politikoa: kontuak eman eta kalitatearen jarraipena.

  • Ikastetxea: titulartasuna, nekazaritza-ingurunekoa den ala ez, eskolaren klima, lidergoa, lan-baldintzak.

  • Ikasgela: ratioa, taldearen tamaina, umeen adina, ikasle etorkinen eta eleaniztunen kopurua.

  • Langileak: prestakuntza, garapen profesionala, ongizatea/asebetetzea, esperientzia lanean.

Honelako txostenek bidea zabaltzen dute ikasten segitzeko eta gure haur-eskolen kalitatea bultzatzeko. Denontzat onuragarria da errealitatea nazioarteko ikuspegiarekin errealitatea aztertzea.

Egilea: Cristina Elorza