Gure eskolan ETHAZI metodologia inplementatuta daukagu. Proiektuen bidez lan egiten dugu, beraz, ikasleek era kolaboratiboan planteatzen diren erronkei eta arazoei erantzun behar diete. Horretarako, espazio berriak antolatu ditugu, zabalak eta teoriko-praktikoak; ENEGUR da horietako bat. Goi Mailako Energia Efizientzia Zikloko bigarren mailan irakasten da. Dena den, proiektu bidezko metodologia ziklo guztietan dago inplementatua, batzuetan beste batzuetan baino aurreratuago.

ENEGUR proiektuan instalazioak muntatu ditugu ikasle eta irakasleok zenbait enpresarekin lankidetzan. Proiektu horregatik urriaren 8tik 10era Melbournen (Australia) egin zen WFCP munduko eskola politeknikoen federazioaren biltzarrean lehen saria eman ziguten. Mundu osoko Lanbide Heziketako ikastetxeen topagune garrantzitsuena da, eta biltzar horretan banatu ziren bikaintasun-sarien artean, hezkuntza iraunkorraren kategoriako etorkizun jasangarriaren mundu-mailako saria dago. Hori eman ziguten guri, SUSTAINABLE EDUCATION sailean.

ENEGUR proiektuak eraginkortasuna eta energia berriztagarriak lantzen ditu. Halaber, energia-eraginkortasunaren aldeko apustua egiten duten proiektuak garatzen ditu, energia-iturri berriztagarrien bidez. Instalazioak sortzen ditu eraikinetan erabiltzeko, ia energia-kontsumorik ez duten eraikinak izan daitezen.

ENEGUR proiektua 2016an aurkeztu zen eta Passivhaus (etxe pasiboa) ereduan oinarritzen da. Proiektu horren bidez, ikasleak, irakasleekin batera, etengabe ari dira hobekuntzak egiten eta eraginkorrak diren irtenbideak probatzen, merkatuko eragileekin lankidetzan.

Enpresei  zerbitzu teknologikoak ere eskaintzen dizkiegu, Tkgune Energia eta Fabrikazioa izeneko programen bitartez (www.tkgune.eus).

 

Eraginkorrak diren beste hainbat instalazioren proiektuak burutu ditugu ikasleek eta irakasleok, zenbait enpresaren laguntzarekin:

• Iturri berriztagarrien bidezko mikro-sare energetikoa.

(http://scada.lhusurbil.eus:1025/html5/index.html).

• Usurbilgo Lanbide Eskolako eraikin bateko bero-egokitzapenaren instalazioa eguzki-energia termikoan oinarrituta.

• Aireztapen mekaniko eraginkorra putzu kanadarraren bitartez, IOT bidez monitorizatuta. Gainera, zenbait markatako LED argiak ipini dira ENEGURen, DALI (argiztapen helbideragarria egiteko interfaz digitala) protokoloaren bitartez elkarrekin komunikatuta.

Informazio gehiagorako: www.lhusurbil.eus

Egilea:  Oier Aranzabal

OLYMPUS DIGITAL CAMERA
image