Urteetan uste izan da neskatoak hobeak direla irakurketan, komunikazioan eta giza harremanetan; mutilak, aldiz, matematikan eta zientzietan. Eta hori era natural batean gertatzen dela sinetsi izan da. Badirudi PISA bezalako probek, gainera, babestu dituztela, nolabait, horrelako sinesmenak (2015eko probetan, estatu espainolean, mutilek 7 puntu gehiago atera zuten neskek baino).

Baina PISAn parte hartzen duten herrialde guztietan ez da horrelakorik gertatzen: gehienetan ez dago apenas alderik neska eta mutilen artean zientzia- eta matematika arloetako emaitzei dagokienez; gainerakoetan, erdian mutilak dira puntuazio gehien ateratzen dutenak eta beste erdian neskak. Beraz, lortzen diren emaitzak edota gaitasunak ez dira horren naturalak.

Adituen arabera, emaitzok interpretatzeko, gizartean indarrean dauden estereotipoen eragina eta beste faktore batzuk kontuan izan behar dira; besteak beste:

Neskek txiki-txikitatik ez dute beren burua adimentsu ikusten, nahiz eta emaitza onak izan; horrek haien interesa eta itxaropenak baldintzatzen ditu.

Matematika- eta zientzia-lanen aurrean, neskek beren buruarengan konfiantza txikiagoa dute mutilek baino, baita lehiatzeko interes txikiagoa ere. Horrez gain, antsietate-maila altuagoa erakusten dute gai horien aurrean. Horiek oztopo bihurtzen dira emaitzetan eta ondorengo aukeraketan.

Nahiz eta errendimendu-maila berdina izan eta zientziarekiko interesa ere berdina izan, neskek kasu gutxiagotan uste dute zientzietako ikasketak haientzat aproposak direla. Eta horrelako bat aukeratzen dutenean, osasun-arlokoak aukeratu ohi dituzte. Horren ondorioz, nesken presentzia murritzagoa da zientziarekin lotutako ikasketetan.

Familiak eta irakasleek dituzten genero estereotipoek ere eragin handia dute. Esaterako, ikerketek adierazten digute irakasleek sistematikoki baxuago puntuatzen dituztela neskak mutilak baino, edo matematikan emakumezkoa den irakaslea izateak hobetzen dituela nesken emaitzak; mutilengan, aldiz, ez dago alderik irakaslea neska ala mutila izan.

Argudio horiek ikusita,  argi ondoriozta dezakegu nesken eta mutilen gaitasunak berdinak direla matematikan eta zientzietan. Arreta handiz begiratu behar diegu, bestalde, neskentzat muga bihurtu diren faktoreei (herrialdeko  sexuaren araberako desberdintasunak, estereotipoak, familiaren eta inguru hurbilaren itxaropenak, irakasleon lana…), eta horiek gainditzen lagundu.

Egilea: Idoia Perez

Idoia_Perez