Jarrera prosoziala diziplina askotan ikertzen ari den gaia da, gizarte inklusibo eta jasangarria izateari begira. Izan ere, jarrera prosoziala elkartasunarekin, kooperazioarekin edota besteei laguntzearekin lotuta dago. Partekatzea, defendatzea, gidatzea, kontsolatzea eta antzeko jarrerak barne hartzen ditu. Ikerketak erakutsi du posiblea dela jarrera prosoziala garatzea gelan giro prosoziala sortuz, kooperazioan, besteak zaintzean eta errespetatzean oinarrituta. Hala ere, ikasgela-estruktura guztiak eta elkarrizketa mota guztiak ez dira eraginkorrak hori lortzeko.

 

Villardón-Gallegok, García-Carriónek, Yáñez-Marquinak eta Estévezek gai hori  bereziki aztertu dute. Beraiek beste kideekin batera egindako ikerketan, Espainiako 8 eskolatako 4. mailako ikasleek parte hartu zuten. Horietako lautan, Tertulia Dialogiko Literarioetako (TDL) 10 saio egin ziren, eta gainerakoetan, Talde Elkarreragileetako (matematika-arloan, konkretuki) beste 10 saio. Haien hipotesia zera zen: bi esku-hartze horiek, elkarrekintza dialogikoen bidez, ikasleei jarrera prosoziala garatzeko aukerak eman ziezazkieketela.

 

Ikerketa horren emaitzetan ikusi zen TDLetan ikasleek jarrera prosoziala garatu zutela, konkretuki, elkartasunarekin eta adiskidetasunarekin lotuta. Izan ere, TDLetan ikasleak literaturako obra handien inguruan aritzen dira, eta heldu batek berdintasuna eta errespetua bermatzen ditu dinamizazioaren bidez. Bertan, ikasleek adiskidetasunari, justiziari eta diskriminazioari buruzko ekarpenak egiten dituzte. Beste alde batetik, ez zen baieztatu Talde Elkarreragileek (TE) jarrera prosoziala sustatzen dutenik, eta ikertzaileek uste dute aztertutako saioetan boluntarioek ikasleen arteko elkarrekintzak eta elkarrizketak curriculum-gaiei buruzkoak bakarrik bultzatu zituztelako izan zutela emaitza hori. Beste ikerketa batzuen arabera, TEetan jarrera prosozialari buruzko elkarrizketak sustatzen badira, ikasleen jakintza metakognitiboa handiagotu daiteke, eta, beraz, ikasleek era prosozialean jarduteko erremintak eskuratu ditzakete.

Azken finean, ikasteko giro dialogikoak eratuz, jarrera prosoziala susta daiteke, eta, horrela, irakasleek testuinguru hezitzaile seguru eta lagungarria eraikitzeko baliabide indartsua eskuratu dezakete, ume bakar bat bera ere atzean gera ez dadin.

Egilea: Ane Lopez de Aguileta

IMG-4251