Haurren aurkako indarkeria desagerrarazteko lege baten testua onartzeko asmoa du Gobernuak. Halaxe adierazi du Fernando Grande Marlaska ministroak Fundación Mutua Madrileña eta Asociación Profesional de la Magistratura izeneko erakundeek antolaturiko Haurren Aurkako Bortxakeriari buruzko I. Jardunaldietan.

Testuak kontuan izango ditu haur eta nerabeei eginiko indarkeria-mota guztiak, eta horien artean, bereziki, sexu-abusuak. Gobernuz kanpoko erakundeek poztasuna adierazi dute iragarpen hori jakindakoan. Izan ere, Save the Children erakundeak horrelako lege bat onartzeko premia adierazi du aurten “Isiltasuna hautsi” izeneko kanpainaren bidez.

Aurreproiektuaren aurkezpenean iragarri bezalaxe, legeak hiritarrak sentsibilizatu nahi ditu zaurgarritasun handieneko gizataldeei begira, hala nola aniztasun funtzionala duten adin txikikoak, laguntzarik izan ez duten haur eta nerabe atzerritarrak, giza salerosketaren biktimak edota LGTBIak.

Lege integrala izango da, beraz, eta haurrekin zerikusia duten giza sektore eta eremu guztiak kontuan izango ditu: familia, hezkuntza, osasuna, komunikabideak, sare sozialak, kirola, aisia, estatuko segurtasun-indarrak eta arlo judiziala. Honako neurri hauek abiaraziko ditu, besteak beste:

  • Haurren kontrako indarkerian espezializatuak izango diren fiskaltza eta instrukzio-epaitegiak sortzea.

  • Lehentasuna ematea adingabeen aurkako abusuei buruzko prozedurak izapidetzeari, eta horrekin zerikusia duten profesionalei prestakuntza berezia ematea.

  • Haur eta nerabeen aurka egindako indarkeria-kasu guztiei buruzko informazio estatistikoa ardazte aldera, biktima izandako adingabe guztien erregistro bateratua sortzea.

  • Haur eta nerabeen aurka eginiko sexu-abusuekin zerikusia duten delituen preskripzioa luzatzea biktimak 50 urte bete arte, eta ez, orain bezala, erasoa jasandakoak 18 urte betetzen dituenetik hamar urte igaro arte gehien jota.

  • Ikastetxeen eremuan neurri bereziak hartzea irakasle zein ikasleen prestakuntzari begira eta, bestalde, berariazko protokoloak indarrean jartzea.

  • Adingabeekin zerikusia duten zenbait lanbide nahiz jardueratan desgaitzeko zioak eguneratzea. Halaber, guraso-ahalmenean, zaintzan, harreran, adopzioan eta antzeko egoeretan arreta berezia jartzea, betiere haurren onura eta interesak aintzat hartuta.

  • Halaber, bortxakeriaren zantzurik izanez gero, hori salatzeko derrigortasuna ezartzen du legeak, bai familian bai eremu profesionalean, baita hiritar arrunt izanda ere.

Legea oso beharrezkoa da, beraz.

Egilea: Isabel Mendizabal