Irakasleek baietz uste zuten. Intuizioak esaten zien funtzionatzen ari zela. Ikasleak gogo handiz ari ziren parte hartzen, eta lehen esango ez lituzketen gauzak esateko gai bihurtzen ari zirela zirudien.  Baina ikerketaren emaitzek erakutsiko zutenaren zain zeuden. Orain dela hogeita hiru urte gertatu zen.

Proiektua Jerome Bruner-en formatuen ideian oinarritu zen. Hizkuntza bat ikasten dugunean, ez dugu ikasten hitzak objektuekin edo jarrerekin lotzeko. Hizkuntzen ikaskuntzak ez du horrela funtzionatzen. Hizkuntza bat ikasten ari garenean, egoera sozial jakin batzuetan guk nola jokatu behar dugun ikasten ari gara, eta egoera horietan hizkuntza tresna bat da, zeinak behar bezala jokatzeko balio digun. Beraz, egoera da gakoa. Horixe dira Bruner-en formatuak: egoerak. Ikuspegi horren arabera, hizkuntza ikasteko modurik eraginkorrena ez da gure ahalegina hiztegia ikastera bideratzea, edo gramatika ikastera. Askoz eraginkorragoa da interakzio aberatsak sustatzen dituzten formatuak eskaintzea. Ikasi nahi dugun hizkuntzan interakzioak izatea da hizkuntza hori ikasteko benetako bidea. Interakzio-formatuek ahalbidetzen dute solaskideekin esperientziak partekatzea, eta partekatzetik sortzen da hizkuntza erabiltzeko beharra eta gogoa, eta horren guztiaren ondorioz erabiltzen da hizkuntza.

Ipuin dramatizatuen bidez gauzatu zituzten interakzio-formatuak. Ikasleek irakasleekin batera antzezten zituzten. Behin baino gehiagotan errepikatzen zituzten, antzeztuz ez ezik abestien bitartez eta liburuxkekin ere kontatuz, eta, gainera, ipuinean oinarritutako elkarrizketak eta jokoak izaten zituzten osagarri. Egoera horietan bultzatzen zituzten ikasleak ikasi nahi zuten hizkuntzan interakzioak izatera.

Lehen ikerketa 8 eta 9 urteko umeekin egin zuten. Proiektuan parte hartu zuten ikasleak parte hartu ez zutenekin alderatu zituzten. Printzipioz, baldintza soziokultural berberetan zeuden batzuk eta besteak, den-denak ikastetxe mota berean. Ingelesaren ikaskuntza izan zuten aztergai, eta emaitzak oso argiak izan ziren, ondoren etorriko ziren ikerketen emaitzak bezain argigarriak: interakzio-formatuen ereduan aritu ziren ikasleek askoz gehiago ikasi zuten ingelesa. Gauza bera gertatu zen neskekin eta mutilekin, lotsatiekin eta disruptiboekin, ikasle trebeenekin eta zailtasunak zituztenekin. Gakoa? Zentzuzkoak ziren egoeretan hizkuntza erabiltzeko aukerak sortzea. Beste era batera esanda: interakzio kolaboratiboen bitartez aukerak sortzea egiten ari garena zentzuzkoa izan dadin, egiten ari garenaren zentzua elkarrekin eraiki dezagun. Ipuin dramatizatuak izan ziren horren guztiaren euskarria. Erromako La Sapienza Unibertsitatea, Amsterdamgo Pedologish Instituut eta Birminghameko Unibertsitateko Hezkuntza Eskola izan ziren Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Ikastolen Elkartearen bidaide ikerketa horretan.

Hizkuntzak ikasteari buruz ari garenez, kasu askotan lehenengoa ez den hizkuntza gainera, ingelesarentzat balio duenak balio dezake, esate baterako, euskararentzat.

Egilea: Harkaitz Zubiri