Hedabideetan eta gizartean oso zabalduta dago maila sozioekonomikoaren eta hezkuntzako emaitzen artean kausa-efektu erlazioa dagoela. Ideia horrek ondorio larriak ekar diezazkieke talde jakin batzuetako ikasleei (etorkinak, ijitoak edo pobrezian bizi direnak, adibidez), besteak beste, ikasle horiekiko itxaropen txikia izatea.

 

Zorionez, ikerketa batzuek baieztapen determinista horiek iraultzen dituzte. Horren adibidea da García Yeste, Morlá Folch eta Ionescu ikertzaileen lana, Tarragona kanpoaldeko immigrazio- eta pobrezia-tasa altua duen auzo batean oinarritzen dena. Hain zuzen, testuinguru horren eraldaketaren epizentro izan den Mediterrani eskola izan dute aztergai. Eskola hori, ijito jatorria (% 70) eta erlijio musulmana duten (% 30) ikasleek osatutakoa, % 59ko absentismoa izatera iritsi zen. Hori horrela, 2011. urtean ikas-komunitate bihurtzeko pausoa eman zuten.

 

Ikerketak 2012-2013 ikasturtean hasi zuten familien prestakuntza deritzon jarduera arrakastatsuari erreparatu dio. Helduentzako prestakuntza horietan, ikasleen gurasoek eta komunitateak hartzen dute parte; hasieran batez ere ikaskuntza instrumentalak baziren ere, urtetik urtera horien beharretara egokitutako ikastaroak antolatu eta eskaintzen dituzte (lehen eta bigarren hezkuntzako tituluak lortzeko prestakuntza, lanbide-heziketarako sarrera-probak, informatika…), baita solasaldi literario dialogikoak ere.

 

Familien prestakuntzaren emaitzak ezin hobeak dira. Ikerketak jasotzen dituenen artean, esanguratsuenak honako hauek dira:

  • Eskolan gurasoen parte hartzea % 30 igo da, eta absentismoa % 59tik % 5era jaitsi da.

  • Gurasoak eskolak beraien seme-alabentzat duen garrantziaz ohartu dira, eta ikasketekin jarraitzera bultzatzen dituzte. Hala, goi-mailako ikasketen aukera eta ametsa sortzen da.

  • Lortutako ezagutza berriei esker, autoestimua hobetu da.

  • Etxean dinamika berriak sortu dira. Gurasoek seme-alabei etxerako lanetan laguntzeko aukera dute, eta bien ikaskuntza-prozesua partekatzeko espazioak sortzen dituzte. Horrek seme-alabek gurasoekiko duten ikuskera hobetu du.

  • Elkarlanean aritzearen ondorioz, guraso askok pairatzen zuten isolamendua apurtu eta komunitatean sare sozial berriak sortu dira, eta, horrela, pertsonen ahalduntzea ahalbidetu da.

 

Eskola eta komunitatearen arteko harremana eredu dialogikora aldatuta, guztiontzako hezkuntza-aukerak zabaltzeak eta hezkuntza horretan arrakastaren bideari jarraitzeak testuinguruaren transformazioa dakar, eta eskola-porrotaren errealitatea goi-mailako ikasketen amets bihurtzen da.

Egilea: Lander Azkue

1521482564734_adobe (2)