Eskola eraldaketa-prozesuaren oinarria izatea ametsa izanik, denon partaidetza bermatzen duen antolaketa beharrezkoa da eskola berreraikitzeko.

Gure ametsean zehazten diren lan-ildo nagusiak lortu ahal izateko, eskolako eragile guztiak ordezkatzen dituen lantaldeak sortu genituen, besteak beste: batzorde mistoak, guraso ordezkarien foroa eta batzarrak.

Horietaz gain, ikasleen partaidetza bermatzeko, ikastalde bakoitzeko bi ikasle ordezkari daude, eta bi astean behin Zuzendari eta Proiektu Buruarekin biltzen dira. Bertan, batzordeetatik datozen gaiak lantzen dituzte eta beraien kezkak eta eskaerak azaltzeaz arduratzen dira. Informazioa tutoretzetara eramaten dute beraien ikaskideekin gaia landu ahal izateko. Horretaz gain, ikasturtearen bukaeran egiten den ikasle-batzarra prestatzen dute hurrengo urtean gauzatu beharreko ametsa eta ikasturte-bukaerako txangoa denon artean erabakitzeko.

Gure ikastetxearen lidergoa partekatuta dago lantalde horietan, eta Batzorde Kudeatzailearen bidez bideratzen da. Batzorde hori batzorde mistoen koordinatzaileak (irakasleak eta gurasoak), Guraso Elkartearen ordezkariak, Zuzendaritzak eta Berritzeguneko Aholkulariek osatzen dute. Bertan, proiektuaren ildo nagusiak betetzen direla, norabidea egokia dela eta ildook ametsarekin koherenteak direla ziurtatzen da. Halaber, ikasturte-bukaerako ebaluazio orokorra prestatzen da, eta ikasleek, irakasleek eta familiek helarazitakoa batzar orokorrean lantzen da. Hala, jasotakoaren arabera, hurrengo urteko proiektua diseinatzen da.

Batzorde Kudeatzailean planteatzen dena ikastetxean astero txertatzeko, proiektu-bilera egiten da. Bertan, batzordeetan lantzen ari diren jardueren  plangintza zehazten da, ekintzak elkarren artean gainjar ez daitezen.

Horren guztiaren ondorioz, esan dezakegu gure eskolan antolaketa egokia errotuta dagoela, Ikas Komunitate proiektuko jarduera arrakastatsuak egingo direla ziurtatzeko.

Gainera, antolaketa horrek eskolaren kudeaketa errazten du, bidea zein den oso ondo definitzen duelako. Lantalde bakoitzak helburu espezifikoak ditu, beraz, zehaztua dago zer landu, noiz eta nola.

Denon partaidetza ziurtatuta dagoenez, hainbat ikuspegi trukatzen dira, denon artean denontzako eskola eraikitzeko. Horrela, ikaskuntza dialogikoen printzipioei jarraituz, Hezkuntza Proiektua hainbat ikuspegirekin aberasten da.

Azkenik, azpimarratu behar da lankidetza oinarria dela eta horrek elkarbizitzan lagundu egiten duela,  topaguneek harremanak sendotu egiten dituztelako eta bai ikasleak bai familiak eskolako bizitzaren protagonista sentitzen direlako.

Egilea: Gema Chopeitia

Gema Chopeitia