Alexandra Elbakyanek, Kazakhstaneko 27 urteko zientzialariak, martxan jarri du aldizkari akademikoak dohainik lortzeko bilatzaile bat. Bertan, “lapurtutako” 50 milioi artikulu zientifiko daude, eta horrek arriskuan ipintzen ditu argitaratzaile akademikoen urteko 10 bilioi dolarreko diru sarrerak. Alexandraren ustez, artikulu horiek ez ditu lapurtu, diru publikoari esker egindako ikerketen artikuluak baitira, aurretik ordaindu direnak. Zientzialari gazteari ez zaio bidezkoa iruditzen aldizkari akademikoek laguntza publikoekin egindako ikerketak etekin pribatu bilakatzea.

Haren eta beste zientzialari kritiko batzuen ustez, ikertzaileek, kobratu gabe, editoreen esku uzten dituzte gehienetan diru publikoarekin finantzatuta dauden lanak. Editoreek, ondoren, beste ikertzaile batzuei artikuluak bidaltzen dizkiete zuzen ditzaten, eta hori ere dohainik. Azkenik, editoreek aldizkariak zein artikuluak salgai ipintzen dituzte. Aldizkari horietan harpidetza egitea 5000 $ kosta daiteke urtean, eta artikulu bat irakurtzeko 35 $ inguru ordaindu behar da; horrela, irakurleok birritan ordaintzen dugu: ikerketa egitean eta haren emaitza irakurtzean.

Artikulu akademikoak ezinbestekoak dira ikerketetan diharduten zientzialari eta akademikoentzat. Garapen-bidean dauden herrialdeetako ikertzaileek zailtasun gehiago izaten dute artikuluak lortzeko, instituzioek aldizkari akademikoen harpidetza egiteko aukera gutxi baitute, eta, horrela, artikulu bat eskuratzea oso garestia izan daiteke; era berean, artikulu bat aurkitzea oso prozesu luzea eta neketsua izaten da.

Horregatik guztiagatik, Elbakyanek duela lau urte Sci-Hub bilatzailea martxan jarri zuen. Bilatzaile hori ostutako artikuluen datu-basera konektatzen da; bilatutako artikulua datu-basean ez balego, Sci-Hubek liburutegien pasahitzak erabiliko lituzke artikulua lortzeko.

Alexandrak lortutako artikuluen kopurua argitaletxeek argitaratutakoen aldean ehuneko txikia izan arren, argitalpenen industriak horren kontra egitea erabaki zuen. 2015ean Elbakyan salatu zuten eta, horren ondorioz, Alexandrak domeinuak utzi behar izan zituen, baina datu-baseak lanean jarraitu zuen. Horretaz aparte,  Alexandrak 15 milioi dolarreko isuna jaso zuen, eta, 2017an, 4,8 milioi dolarreko beste bat jarri zioten. Estatu Batuetako epaitegiek Elbakyanen lana, informazio-lapurretatzat hartzeaz gain, egile eskubideen urraketa gisa ere interpretatu zuten. Gaur egun, Alexandra ezkutuan bizi da.

Nahiz eta Alexandraren ekintzak polemika piztu argitalpen akademikoen munduan, argitalpen akademikoen sarbide irekia sustatzen duen mugimendua eraikitzen ari dira. Doako aldizkariak sortzen eta sustatzen ari dira, eta gobernu eta administrazioak ere jakinduriaren demokratizazioa eskatzen hasi dira jada.

Egilea: Iraitz Hurtado

IMG_20180314_172758