Gure ikasleek ezagutza zientifikoan sakontzea nahi badugu, ikaskuntza-prozesu horretan hizkuntza nola erabiliko duten planifikatzea ere komeni zaigu. Bestela, ez dute hainbeste ikasiko, edo askoz gehiago kostako zaie. Edonola ere, gakoa ez da bakarrik berariazko hiztegia edo deskribapenerako trebeziak garatzea. Cambridgeko Unibertsitateko Neil Mercer irakasleak eta bere kideek ikertu dutenaren arabera, hizkuntza askoz eraginkorragoa izan daiteke ikasleek elkarrekin arrazoitzeko erabiltzen dutenean. Hau da, hizkuntza ikaskuntza-tresna gisa erabiltzen dutenean. Halaber, askoz eraginkorragoa da baldin eta ikasleek, jarduera zientifikoak egiten ari diren bitartean, hizkuntza-jarduerari buruzko eztabaidarako tresna gisa erabiltzen badute. Beraz, zientzia hobeto ikasteko, lagungarria da jarduera zientifikoak egitea eta, era berean, jarduera horiek hizkuntzaren erabileran oinarritutakoak izatea.

 

Berdinen arteko interakzioa simetrikoagoa denez, aukera gehiago ematen ditu arrazoitutako argumentuak eraikitzeko eta behatutako fenomenoak deskribatzen ikasteko. Eskoletan eredu hori zientziaren eremuan aplikatu ahal izateko, ikerketa praktikoak egitea erabilgarria izan daiteke. Gainera, ikerketa horiek lagungarriak izan daitezke ikasleek ideia abstraktuak mundu fisikoarekin lot ditzaten.

 

Baina ikasleak taldeka jartzeak ez du bere horretan ezer bermatzen. Are gehiago, Erresuma Batuan, adibidez, ikerketek garbi erakutsi dute, Lehen Hezkuntzako ikasleak lankidetzan jarduteko elkartzen dituztenean, ohikoa dela dinamika ez-kolaboratiboak nagusitzea, atazari lotuta ez daudenak, berdintasuna oinarri ez dutenak, eta, azken batean, ikaskuntzarako produktiboak ez direnak.

 

Horregatik da hain garrantzitsua taldekako lanaren izaera egokia bermatzea hizkuntzan oinarritutako zientzia-jarduerak sustatzen ditugunean. Mercer eta bere kideek trebakuntza-programa baten bitartez egiten dute. Beren helburua da taldekako lanean esplorazio-elkarrizketa bermatzea. Hauek dira esplorazio-elkarrizketaren ezaugarriak: garrantzitsua den informazio guztia partekatzen da; taldekide guztien parte-hartzea propio sustatzen da, guztiek beren ekarpenak azaldu ditzaten; ekarpen guztiak errespetatu eta aintzat hartzen dira; eta, egiten ari diren jarduera zientifikoaren erronkari aurre egin ahal izateko, alternatiba guztiak aztertzen dira eta, erabaki bat hartu aurretik, aukerarik onena zein den negoziatu eta adosten da.

 

Azken finean, Vygotskyren ikuspegia dute oinarri: gure munduan gauzek zer zentzu duten aurkitu ahal izateko, interakzio soziala funtsezkoa da, zeren lehenik interakzioan sortzen dena, gero barneratzeko aukera izango baitugu, eta, hori guztia gerta dadin, hizkuntza ezinbesteko tresna da, betiere behar bezala erabiltzen dugunean.

Egilea: Harkaitz Zubiri

Harkaitz Zubiri