Gizakiok laguntzeko prestutasuna izaten dugu, baita egindakoagatik onurarik lortzen ez dugunean ere edota laguntza behar duena ezezaguna denean ere. Laguntzeko aldez aurretiko joera hori horren berezia da, ezen teoria batzuek dioten gizakiengan soilik gertatzen dela. Honetan sakontzen dute Felix Warneken eta Michael Tomasellok Science aldizkarian argitaratutako Altruistic Helping in Human Infants and Young Chimpanzees artikuluan.

Laguntza altruista eskaintzeko joera ikertzeko metodorik egokiena haurrak eta txinpantzeak behatzea da laguntza beharra duteneko egoera anitzetan. Horretarako, 18-24 hilabeteko 12 ume behatu zituzten lau laguntza motatako hamar egoeratan. Ikertzaileek banakako behaketak burutu zituzten eta kasu guztietan ikertzaileak  egoera baten aurrean arazo bat zuela esaten zuen.

Emaitzek diotenez, aurkezten zizkieten 10 egoeretatik 6tan altruismoz jokatzen zuten haurrek. Oso denbora gutxian (batez besteko 5,2 segundotan) haurrek arazoak zituen helduari laguntzen zioten, azken horrek laguntza behar zuela esan aurretik. Begiz begiko kontaktua ere ez zen beharrezkoa izan umeen laguntza jasotzeko, eurek berehala erakusten baitzuten jarrera altruista.

Hori horrela izanik, gizakia umetatik altruista dela ondorioztatu da, laguntza desinteresatua eskaintzeko joera duelako bizitzako lehenengo urteetatik. Oso txikiak izanda ere, haurrak laguntza eskaintzeko joera erakusten du, nahiz eta inolako onurarik lortu ez edota laguntza behar duena arrotza izan. Ikerketan diotenez, ezaugarri hau ez da beste inon aurkitu, ezta ebolutiboki gertuen dugun espeziean ere; txinpantzeen artean, hain zuzen ere. Beraz, benetan berezia da gizakiok dugun laguntza altruista eskaintzeko joera.

Egilea: Andrea Khalfaoui