Beti izan dira besteekin elkarrizketan aritzea gustuko duten pertsonak; baina, orain arte, ez dugu jakin elkarrizketetan parte hartzea onuragarria izan daitekeela gure gogo-aldarterako eta, ondorioz, gure osasunerako.

 

Uda honetan, Psychological Science aldizkariak Matthias Mehl-ek zuzendutako ikerketa bat argitaratu du, bizitzarekiko gogobetetze eta eguneroko elkarrizketen kantitatea eta kalitatearen arteko loturari buruz. Ikerketan 500 pertsonak hartu dute parte eta bertan erakusten da ongizate handia duten pertsonek denbora gutxi pasatzen dutela bakarrik, eta beste pertsonekin berbetan egon ohi direla.

 

Hala ere, artikuluan adierazten da edozein motatako hizketaldiak ez duela balio ongizatea bermatzeko. Elkarrizketa sakonak mantentzen dituzten pertsonak zoriontsuagoak dira besteekin harremanik ez dituztenak edo substantziarik gabeko elkarrizketak izaten dituztenak baino. Azken elkarrizketa mota horri dagokionez, hots, azalekoak direnak, ikerketak frogatzen du efektu neutroa dutela pertsonengan, hau da, horietan parte hartu ondoren ez dira hobeto ez txartoago sentitzen.

 

 

Bestalde, Mehl ikerlaria ohartu da ikerketan parte hartu duten pertsonen nortasun-ezaugarriak ez direla faktore eraginkorrak izan. Parte-hartzaileen artean, izaera-ezaugarri berdinak dituzten pertsonak hartuta, beste pertsonekin elkarrizketa luzeago eta sakonagoak dituztenek dute bizitzeko gogobetetasun-maila altuena. Izaki sozialak garenez gero, “bizitza zoriontsua bizitza soziala da”, Mehl irakasleak, ikerketaren ondorio gisa, esaten duen moduan.

Egilea: Ane Lopez de Aguileta

IMG-4251