Inork ez du zalantzan jartzen “lekukoen esku-hartzea” (bystander intervention) dela gaur egungo esku-hartzerik arrakastatsuena jazarpena eta genero indarkeriaren aurka. Ikasleak indarkeria egoerak detektatzen lehenengoak izan ohi dira, irakasle eta gurasoen aurretik. Izan ere, sarri nagusien bizkarretara gertatzen diren egoerak dira, ikasleak izanik lehen lerroko lekukoak. Horrexegatik, ikaskideak, indarkeriaren aurka, pasibotasunetik aktibotasunera pasatzea komeni zaigu biktimen sufrimendua eteteko eta orokorrean gure eskoletako giroa hobetu ahal izateko.

2012an Thornberg, Tenenbaum eta Varjasen ikertzaile taldeak lekukoak defendatzaile ala lekuko pasiboak izateko motibazio gakoak ikerketa baten bidez azaldu zituen. Oro har, motibazioak bost ataletan sailkatu zituzten:

  • Indarkeria dena eta ez denaren interpretazioa. Ikasleek jazarpena txantxa egoera dibertigarria bezala interpretatzen badute, kale egin dugu!  Are gehiago, jazarpena ohikoa izanez gero taldean, indarkeria oharkabean geratuko da. Beraz, jazarpen egoerak zeintzuk diren ongi definitzea arrakastaren gako bat litzateke.
  • Emozioek ere, motibazioen artean, beren papera betetzen dute. Biktimenganako enpatia sentituz gero aktibazioa lortuko da. Kontran jartzen zaigu, aldiz, defendatzeagatik biktima bihurtzeko beldur hori, batez ere, klaseko gainontzekoak xaxatzen ibiltzen direnean, (“Borroka! Borroka! Emaiok!”), defentsa aktibatzea zailagoa izaten da.
  • Ebaluaketa soziala: Jazarlearen edo biktimaren adiskidea izateak ere ikaslearen ekintzaren norakoa markatzen du, eta baita biktima desatsegintzat edukitzea ere garrantzitsua da .
  • Ikasleak ongiaren eta gaizkiaren arteko ebaluazio moral egokia egitea ezinbestekoa da. Batzuetan, lekukoak aktibatzen dira irakasleen eskaera delako; beste batzuetan, aldiz, pasibotasuna dator ez dutelako ardura horretan sinisten edo guztiaren erruduna biktima dela sinisten dutelako.
  • Bukatzeko, norberaren eraginkortasunaren ebaluaketa batean, lekukoek jazarpen egoera bati aurre egiteko dituzten gaitasunak ebaluatzen dituzte.

Gure testuingurura etorrita, “Ausarten Kluba” dinamika aplikatzen badugu, ikerketak aipatzen duenaren haritik, lekukoen aktibaziorako testuinguru aproposa eskainiko dugu. Adibidez, dinamikaren puntu indartsuen artean, berdinen arteko elkarrizketaren bidez, funtsezkoa litzateke taldeak defendatzaileari prestigioa eranstea eta babesa ematea. Horrela,  bigarren mailako jazarpena saihesteko bideak aurkituko ditugu.

Egilea: Gontzal Uriarte