Bi urtean behin, LHko 4. mailan eta DBHko 2. mailan dauden ikasleek egiten dituzten kanpoko azterketen ondorioz jakin dugu bi etapetan joera desberdina dela, ingelesezko hizkuntza-konpetentziari dagokionez, eta eskolaz kanpoko jarduerek  eragina dutela emaitzetan.

Alde batetik, LHko 4. mailako ikasleek atzerriko hizkuntza horren konpetentzian beherako joera adierazten dute. Aurreko edizioarekin konparatuta, maila aurreratuan dauden ikasleen kopurua gutxitu egin da eta ikasleen gehiengoa konpetentziaren erdiko mailan kokatzen da. Beste aldetik, DBHko 2. mailako ikasleek gorako joera adierazten dute ingeleseko hizkuntza konpetentzian, maila aurreratuan dauden ikasleen kopuruak igoera txiki bat izan duelako eta hasierako mailan kokatzen direnen jaitsiera egon delako.

Benetan aipagarria da ingelesezko hizkuntza-komunikaziorako konpetentzian eskolaz kanpoko jarduerak egitearen eragina. Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI-IVEI) 2018ko ekainean argitaratu zuen txosten exekutiboaren arabera, ingelesezko eskolaz kanpoko jarduerak egiten dituzten ikasleek emaitza arras hobeak lortzen dituzte hizkuntza-komunikazioan. EDaren hiru edizioetan agerian geratzen da ikasleek ingelesezko hizkuntza-komunikazioan puntuazio hobea lortzen dutela, eskolaz kanpoko ingelesean  astean bi ordu gutxienez emanez gero.

Eskolaz kanpoko ingelesezko jardueretan 2 eta 4 ordu artean zein 4 ordu baino gehiago emateak ez dakar alde esanguratsurik, antzeko emaitzak lortzen dituzte eta.

gaurkotasuna0905

ISEI-k dio ingelesezko eskolaz kanpoko jarduerak egitea familiaren indize sozioekonomiko (ISEK) eta kulturalari zein ikasketetan arrakasta izateari lotuta doala orokorrean; jarduera horiek burutzen dituzten ikasleen kopurua handitzen da ISEK maila igo ahala.

EDko lehenengo ediziotik 2017ra arte ingeleseko jarduerak egiten dituzten ikasleen kopurua handitu egin da maila sozioekonomiko guztietan bai LHn baita DBHn ere. 2017ko EDko datuetan jaso da 4. mailako ikasleen erdiak baino gehiago eta DBHko 2. mailako ikasleen ia %60ak eskolaz kanpoko jarduerak egiten dituztela.

Beraz, emaitzak ikusita, Euskal Hezkuntza Sistemak konpetentzia honen hobekuntzan erronka handia duela agerian gelditzen da. Premiazkoa da ebidentzietan oinarritutako neurri zehatzak martxan jartzea ikasle guztien mesederako.

Egilea: Iraitz Hurtado

IMG_20180314_172758