Lauaxeta Ikastolan, HitzHartu! programan oinarritzat ditugun ildo nagusiak  hizkuntzen trataera bateratua, ikuspegi komunikatibo-interaktiboa, irakurzaletasuna eta kultura literarioaren sustapena dira.

Irakurmena lantzeko aurrekari sendoak behar ditugu ikasleen berariazko gaitasunetan  eta, beraz, kontu handiz programatzen ditugu Haur Hezkuntzako ikasleen ibilbide pedagogikoak. Ondorengo prozesua jarraitzen dugu: Kontzientzia lexikoa eta semantikoa –> kontzientzia fonemikoa eta silabikoa –> kontzientzia sintaktikoa, gramatikala eta ortografikoa –> kontzientzia literarioa edo erretorikoa.

2 urteko geletan hizkuntzaren kontzientzia semantikoa garatzea da helburuetako bat, hau da, inguruko elementu bakoitzari ahozko eta idatzizko izen bat dagokiola konturatzea. Horretarako, hainbat elementu (bakoitzaren izena, kideena, hurbileko objektuak…) izendatzen dituzte, bakoitzari dagokion idatzizko izena eta argazkia daraman txartela aztertzen eta manipulatzen duten bitartean.

3 eta 4 urteko geletan, kontzientzia fonemikoan eta silabikoan murgiltzen dira jolas eta manipulazio-ariketa, inprimaki ikus-entzunezko zein digital-en eskutik. Beste hainbat ekintzaren artean, eta adibide moduan, hauek aipatuko ditut: hainbat hitz zatikatzen ikasten dute silabetan eta geroago fonemetan (txaloka, keinuka, irudika, koloreka…); fonemak elkartzen hasten dira, manipulazio-letra anitzekin (inprenta, hizki magnetikoak, plastikozkoak…) silabak idatziz edo horiek irakurriz. iPadetako app-ek ere zeresan handia daukate fase honetan; izan ere, horiei esker, ikasleek kontzientzia fonologikoa lantzen jarraitzen dute modu autonomoan jolas interaktibo-digitalei esker.

5 urteko gelan hitz-jolas anitzetan aritzen dira (irakaslearekin zein berdinen artean) manipulazio-txartel bihurtutako hitzekin: sasi-hitzak identifikatuz, antzekoak direnak identifikatuz, silaba kopuruaren arabera taldekatuz, batak besteari hitzen diktaketak eginez edo hitzak konbinatuz esaldi laburrak sortuz. Horrela grafema-fonema arteko itzulketa tekniko soilaz gain, hitzen ezaugarri fonologikoen inguruko hausnarketa garatzen dute. Jolas hauek 2. mailako informazio-prozesaketa eskatzen baitute: konparatzea eta alderatzea, sailkatzea, desberdintzea, diskriminatzea… Horrez gain, lehenengo testu laburrak sortzen hasten dira (mota guztietako hitz zerrendak, oharrak, eskutitzak…).

Bestalde, 3 urteko gela guztietan bertan dauden liburutegiek ere zeresan handia daukate prozesu honetan. 3 urterekin liburuak arakatzen eta manipulatzen dituzte, gehienbat irudiei erreparatuz eta irakurleen irudikapena sinbolizatuz. 4 urterekin liburu gogokoenak aukeratzen dituzte eta hitzei erreparatuz hitz errazenak irakurtzeari ekiten diote elkartrukearen eta berdinen arteko ikasketa giroan. 5 urterekin, berriz, irakurketaz gozatzen hasten dira, irakurketa teknikoa automatizatuz, ulermenari erreparatuz eta, era berean, irakurzaletasuna garatuz.

Azken finean, zazpi urtetan egindako ikerketa eta berrikuntzarako apustu hau fruituak ematen hasi da pixkanaka-pixkanaka eta fruitu osasuntsuak eta dirdiratsuak dirudite. Izan ere, irakasleek ondorengo iritziak azaltzen dituzte:

“LHko 1. eta 2. mailan egiten diren irakurketa abiadura eta zehaztasunarekin lotutako proba objektiboak emaitza ezin hobeak erakutsi ditu azken bi urteetan. (HHko 5 urtekoen irakaslea)

“Umeek modu naturalagoan, azkarragoan eta dibertigarriagoan ikasten dute ditugun material eta metodologia anitzei esker.” (HHko 4 urtekoen irakaslea)

“Proiektu honek lehen lantzen ez genituen hainbat gauza lantzera bultzatzen gaitu eta lehen lantzen genituenak orain modu sakonago eta kontzienteagoan egiten ditugu.” (Orientazio saileko kidea)

Egilea:  Miren Munitis Lezama 

MIREN MUNITIS LEZAMA