Ikasturtea bukatzear dagoela, gezurra badirudi ere, 330 irakaslek gogoa eta indarra izan dute egun bat pasatzeko hitzaldi interesgarriak entzuten, esperientziak partekatzen, hausnartzen. Hori guztia gertatu da astearte honetan, Bilboko Ingeniaritza Eskolan, Ikas Komunitateak proiektuak antolatutako II Topaketan.

 

Programari jarraituz, Sandra Racionerok, Loyola Andalucia Unibertsitateko Psikologia Saileko zuzendariak argitu zuen estres toxikoaren kausa nagusia erlazio bortitzak direla. Halaber, adierazi zuen Europar Batasuneko erakundeak kezkatuta daudela jazarpen eta bullying egoerekin, baita emakume gazteen aurkako bortizkeriaren igoerarekin ere.

 

Ohartarazi zuen neurozientziari eta heziketari buruzko diskurtso faltsuez, eta azpimarratu zuen genero-indarkeria gainditzeko ebidentzia zientifikoetan oinarritu beharra dagoela. Funtsezko hiru ebidentzia aipatu zituen ikastetxeetarako: (1) Sentimenduak, hau da, gure zirrarei/emozioei buruzko gogoeta kontzientea, gure lanaren gunean jartzea komeni dela. Kontzientzia kritikoaren bidez gure erreakzio emozionalen gainean hausnar dezakegu, eta erabaki dezakegu zer erlazio mota izan nahi dugun eta zer persona mota izan nahi dugun. (2) Burmuineko hemisferioek bereiz jokatzen ez dutenez gero, emozioen eta sentimenduen heziketak jarduera instrumentaletan integratuta egon behar du. (3) Adiskidetasun-erlazioak eta elkartasuna sustatuu behar ditugu. Eskolaldian  kalitatezko adiskidetasun-erlazioek murriztarazten dituzte bullying-a eta jazarpena jasateko aukerak, eta erlazionatuta daude bizitzan zeharreko zoriontasunarekin.

 

Ondoren, aldibereko lau tailerretarako txanda heldu zen eta hainbat gai landu ziren: Ikus-entzunezko produktuak nola aztertu; STEAM haur eta lehen hezkuntzan; talde elkarreragileetan inklusioa eta boluntarioen rola; solasaldi kurrikularrak, literarioak eta haien dinamizazioa; eta oinarri zientifikoak irakasleen formakuntzan nola bermatu, zein baliabide eta abar.

 

Jarraian, Ramón Flechak, Bartzelonako Unibertsitateko katedradunak, omenaldi-hitzaldi hunkigarria egin zion Paulo Freireri. Harvard Unibertsitateak Freireri deitu ziola azaldu zuen Flechak, Unibertsitateak ekin zion erronkari erantzuteko: kolokan zegoen mundu hobearen ametsa berreskuratzeko; une hartatik aurrera keep your dream alive (manten ezazu zure ametsa bizirik)  leloa martxan jarri zen.

 

 

Flecha irakasleak gogoratu zuen moduan, Freirek zientifikoki frogatu zuen Heziketan giza-eskubideak kontuan hartuz eta zorroztasun zientifikoz aritzen bagara, emaitza akademiko onak ikasle guztientzat izango direla eta mundua aldatuko dugula.

 

Freirek laguntasunaz, maitasunaz, sentimenduez hitz egiten zuen; haien garrantzia azpimarratzen zuen, etengabe. Mundua hobetuz gure bizitza ere hobetzen dugula esaten zuen, eta maite ditugun pertsonak eta haiekin ditugun harremanak ere aberastu egiten ditugula. Printzipio horiek 50 urte geroago indarrean daudela esan zuen hizlariak, gero eta ebidentzia gehiagorekin, gero eta esperantza handiagoarekin. Ikas Komunitateak proiektuan ondo dakiten bezala,  ikasketa eraginkorra izatea edo ez Jarduera Arrakastatsuak egitearen araberakoa dela gaineratu zuen. Horrez gain, hizlariak adierazi zuen aniztasuna ez onartzeak zientzia eta ikastetxeak txirotzen dituela. Flechak ondoko desioarekin itxi zuen bere hitzaldia: “neska eta mutil guztiek itxaropena eta emaitza onak izango ahal dituzte eta gaindituko ahal gaituzte arlo guztietan”.

 

Jardunaldia bukatzeko, arratsaldean, tertulia dialogiko bat egin zen partaidetza handiarekin. Ametsa bizirik mantentzeko gogoa ere agerian gelditu zen.

Egilea: Luisa Mª Puertas

Luisa Mari