Historian zehar, ikus-entzunezkoen bitartez ekoitzitako produktuek erakutsi dizkiguten harreman afektibo-sexualak pertsona bortitzekiko desioz beteta egon dira. Esate baterako, “Lo que el viento se llevó” eta “Tres metros sobre el cielo” bezalako pelikulak biolentziaren eta desioaren arteko lotura izugarri horren adibideak dira.

Ikerketa askok nabarmendu dute produktu edo ekoizpen horietako irudiek eta soinuek sozializatzeko prozesuak eragozten dituztela, batez ere haurtzaroan. Izan ere, pelikula batek gure bizitzan zehar lagundu egin diezaguke, emozioak eragiten dizkigunez, eta jarrera eta desioetan sozializatu gaitezke. Horren jakitun izateak ikus-entzunezko horiek genero-biolentzian sozializatzen gaituztela jakitera ere eramaten gaituzte. Hori adierazi dute, hain zuzen ere, nazioarteko ikerketa batzuek, Jesus Gómezek hasi zuen bide aitzindariari jarraituz.

CREATECHek egindako ikerketek halako ekoizpenei bestelako ikuspegiz begiratzeko tresnak eskaintzen dizkigute, batez ere aztertzeko ea desioa eta genero-biolentzia lotzen duten.

Begirada horrekin hasteko, lehenengo eta behin, ezinbestekoa da genero-biolentzia zer den zehaztea. 1995ean Nazio Batuen Erakundeak “Emakumeen kontrako biolentziarekin amaitzeko deklarazioa”-n argitu zuen zer den. Jaspartek eta Enveffen taldeak (2001) biolentzia antzemateko adierazle-gakoak aipatu zituzten: irainak, ahozko mehatxuak, emakumeen atzetik segika ibiltzea, exhibizionismoa (ikusteko behartua izatea), sexu-intsinuazioak eta eraso sexualak, sexu-jazarpenak, presio psikologikoa, eta lanaren edo lan-tresnen suntsipena, beste batzuen artean. Horietako bat nabarituko bagenu, dudarik gabe, genero-biolentziaren egoera baten aurrean egongo ginateke.

Genero-biolentzia zer den argitu eta gero, produktuaren azterketari ekin diezaiokegu. Horretarako, lehendabizi pertsonaien ezaugarriei erreparatuz hasi behar da, bereziki, pertsonaia nagusienak aztertuz, horiexek baitira gidalerroak markatzen dituztenak. Horrenbestez, adibidez, biolentziarik gabeko eta pasioz beteriko harreman batean, tartean dauden pertsonen arteko desioan ez da agertu behar genero-biolentziarekin lotutako batere zantzurik. Horretarako, honakoak hartu behar dira kontuan: egintza himerokomunikatiboa (edo bestela esanda, desioan oinarritzen diren egintza komunikatiboak); ahozko hizkuntza; eta horrez gain, ikus-entzunezko hizkuntza, hala nola, momentu zehatz horretan agertzen diren musika edo argi motak.

Ondoren, proiekzioaren behaketa edo entzunaldia hasten da. Produktu bakoitza gutxienez lau aldiz aztertu behar da. Ikerketetan, prozesu hau egiteko jarraibide zehatz batzuk ezarrita daude, eta desioaren hizkuntza agertzen den momentu oro markatu egin behar dira. Horrela, produktuan agertzen den desioaren hizkuntza-maila edo desioaren hizkuntza mota antzemango dugu. Hainbesteko ikerketa zorrotzik ez bada egin nahi, ahal den neurrian eta ahal den beste aldiz azterketa errepikatzea gomendatzen da.

Elementu eta estrategia horiek guztiek ikus-entzunezko produktu edo ekoizpen bakoitza beste era batez ikusten laguntzen dute. Eta, batez ere, zer kontsumitu nahi dugun erabakitzeko aske eta libreago izan gaitezke.

Egilea: Beatriz Villarejo

Bea