Zer prozesuk eragiten dute umeen ipuinak kontatzeko trebetasunean? Nolako garrantzia dauka gaitasun hori garatzeak?

 

Gai horren inguruan oso onartuta dago Vivian Gussin Paley-ren lanen balioa. Bere ikerketek argi utzi dute narratibatarako trebezia oso garrantzitsua dela umeen garapenean, alfabetizazioan eta gaitasun sozio-emozionalean. Nahiz eta Paleyren lanean umeen jarduerak batik bat banakakoak diren, prozesu horretan gertatzen diren elkarrekintzarako prozesuak oso baliotsuak direla nabarmentzen du Paileyk. Izan ere, istorio bakoitzak eragina du beste istorioetan. Ume bakoitzaren ekarpenean oinarrituta, gelakide guztiek batera sortzen dute gelako istorioen kultura komuna. Era berean, umeek istorio indibidualetan txertatzen dituzten herri-kulturako gaiak, pertsonaiak eta esaldiak, beste neska-mutilen istorioetan errepikatzen dira. Hala ere, ume bakoitzaren idatzizko istorioak originala izaten jarraitzen duela azpimarratzen du Paleyk; bakoitzak estilo eta sinbolismo berezia ditu, hatz-aztarnak bezain paregabeak.

 

Creminek, Flewittek, Swannek, Faulknerk eta Kucirkovak egindako ikerketan, haurren narratibetan sakontze aldera, Paleyren planteamenduari jarraitzen dion programa baten behaketa sakona bideratu zuten 2017an. Erresuma Batuko hainbat eskolatan behatu zen programa hura 3 eta 5 urte bitarteko umeekin, 8 astetan zehar. Ikerketaren helburua elkarrekintzarako prozesuetan sakontzea zen, eta horretarako jarduera eta estrategia anitzak erabili zituzten.

 

Geletan egiten zen planteamendua honakoa zen. Lehenik eta behin, umeek idazten zituzten narrazioak nagusi batek jasotzen zituen liburu-formatuan. Haren bitartez, helduak pertsonaiak zein objektuak azpimarratzen zituen. Bigarrenik, behin narrazioa amaituta, umeari zer pertsonaia izan nahi zuen galdetzen zitzaion, eta hori testuan zirkulu batekin adierazten zen. Jarraian, egun horretan bertan, agertoki batean istorioaren antzezpena egiten zen. Heldu batek istorioa irakurtzen zuen, eta, aldi berean, umeak gonbidatu egiten zituen pertsonaiak zein objektuak antzeztera.

 

Beraz, nola eraikitzen dituzte umeek istorioak? Ikerketaren arabera, modu dialogikoan sortzen dira, ume narratzaile, ume aktore, beste ume ikusle eta helduen arteko elkarreraginaren bitartez. Helduen gidaritzaren eta galderen bidez, eta beste umeen galdera eta ekarpenen bidez, istorioak asmatzen eta eraikitzen dituzte; horien kontzientzia hartzen dute eta, horrela, hobetzen dituzte  narratibak. Interakzio horietan, beren arteko begiradek, gorputz-jarrerek, eta hizkerek ere elkarri eragiten diotela ondorioztatu du ikerketak.

 

Laburbilduz, umeen narratibaren sorkuntza elkarrekintzan oinarritzen da. Gainera, horren garapena sustatzeko beharrezkoak diren baliabideak Haur Hezkuntzako edozein gelatan aurki ditzakegu: helduak, testu idatziak, eta horiei bizitza emango dieten antzezleak, haurrak, hain zuzen ere.

 

 

Egilea: Nerea Gutiérrez

Nerea Gutierrez