Gure bizitzako beste hainbat alor bezala, hezkuntza aldakorra da. Irakaskuntza zein ikasketa modu berriak ezagutzen ari gara, eta, jakina, ezinbestekoa da ikertzen jarraitzea, egiten dugunaren eraginkortasuna aztertzeko eta hezkuntza formala hobetzeko.

Hainbat irakaskuntza-estrategiaren eragina aztertu nahirik Rojas-Drummond, Mercer eta Dabrowski-k (2001) Mexikon ikerketa bat egin zuten. Hiru arlo aztertuko zituztela erabaki zuten: komunikazio-eredua kontuan hartzen duena; kideen arteko kolaborazioa; eta gelako elkarrizketa.

Aipaturiko ardatzak kontuan hartuz, ikerketa kualitatibo eta kuantitatibo bat egin zuten. Antzeko ezaugarriak zituzten Mexikoko bi eskola konparatu zituzten. Eskolek testuinguru sozioekonomiko zein kultural oso antzekoa zuten, eta biak geografikoki elkarrengandik oso gertu zeuden. Ikasleak 5 eta 6 urte bitartekoak ziren. Ikasle eta irakasle kopuru berarekin lan eginik, desberdintasun nagusia irakaskuntza-estrategiak markatu zuen: eskola batek metodo tradizionala erabiltzen zuen; besteak, umeen ikaskuntza aktiboa eta esploratzailea ez ezik, interaktiboa ere bultzatzen zuen. Ikerketan, zehazki, gaitasun matematikoa irakasteko modua aztertu zuten.

Ikerketaren emaitzek erakutsi zuten ikaskuntza aktiboa eta interakzioak sustatzen zituen eskolak funtzionatzen zuela ondoen. Eskola horretako irakasleak askoz gehiago inplikatzen ziren eta estuago gidatzen zuten ikaskuntza, eta, horri esker, askoz gehiago sustatzen zituzten lankidetza eta elkarri laguntza ematea. Horrela, arrakasta handiago lortzen zen hainbat eremutan: umeek arazoak ebazteko tresnak garatzeko, kontzeptuak hobeto ulertu eta bereganatzeko, beren ikaskuntza-estrategiak hobetzeko eta autonomia bermatzeko.

Ikerketa honek argi uzten du ikasleek erronkak behar dituztela. Lehendik zekitena baino urrunago iritsi behar dira. Gauzak egiteko modu egokia zein den erakutsi behar zaie, hau da, eredu onak eman behar zaizkie. Bestalde, akatsak zuzendu egin behar zaizkie. Hortaz, kontrolatua den jarduera batetik libreagoa eta autonomoagoa den jarduera bateranzko prozesua egin behar dute. Eta ikasleek beren helburuak lortzen dituztenean, irakaslearen lana da ikasleei eta ikaskideei haien lorpenen berri ematea, erdietsi dutela jakinaraztea, lorpenaren kontzientzia izan dezaten.

Ezagutza elkarrekin eraikitzera bultzatu behar du irakasleak, eta horretan irakasleak ere parte hartu behar du, ez ditu ikasleak bakarrik utzi behar. Ikasleen interakzioak izateko hamaika estrategia erabiliko ditu, une bakoitzean egokiena izan daitekeena. Hartara, irakasleak eman ditzake azalpenak gela osoarentzat, eta ikasleak egon daitezke isilik eta adi. Baina hori soilik momentu zehatz batzuetan, ezin baita izan gelan normalean egiten dena.

Azken batean, irakasleak egiten duena eta egiten ez duena oso garrantzitsua da. Ezin ahantz dezakegu ondo funtzionatzen duten ereduei jarraitzeak biziki laguntzen duela gelako giroa eta emaitzak hobetzen.

Egilea: Igone Lopez

igone