Orain dela sei ikasturte, eraldaketa prozesu bat hasi genuen eskolan. Horretarako hiru helburu nagusi finkatu genituen: hobekuntza kurrikularra, elkarbizitza eta partaidetzaren sustapena.

 

Nazioartean,  teoria zientifikoek bi faktore nabarmentzen dituzte hobekuntza lortzeko: interakzioak eta komunitatearen partaidetza bultzatzea. Gure eskolan, hasieran, ez zegoen partaidetzarik. Harremanak izoztuta zeudenez, gure helburu nagusiena harreman horiek sustatzea izan zen, umeen arrakasta akademikoa lortzeko eta elkarbizitza hobetzeko.

 

Lehenengo urratsak auzoko elkarteekin eman genituen, haiek parte har zezaten eskolako bizitzan. Hasieran, eskolako asanbladetan (gosariak); eta hortik, batzorde mistoan, ikasle, irakasle eta familiekin batera. Auzoko elkarteek lagundu ziguten familiengana hurbiltzen eta elkar ezagutzen. Horrela konturatu ginen gauza bera nahi genuela ikasle eta seme-alabentzat: “irakats dezagun eta euren seme-alabek ikas dezaten”. Hau izan zen abiapuntua, eta irakasleak eta familiak elkartzeko balio izan zuen.

 

Familiek formakuntzarekiko interesa adierazi ziguten euren seme-alabei laguntzeko. Formakuntza hori beraien interesetatik sortu zen eta eurak parte hartzeaz eta antolatzeaz arduratu ziren. Gu geu proiektuari forma emateaz eta laguntzak lortzeaz arduratu ginen. Formazioan Hezkuntza Jarduera Arrakastatsuak praktikan jarri genituen: talde interaktiboak eta tertulia literarioak. Euren seme-alabekin erabiltzen ziren jarduera horiek ezagutzeak konfiantza ematen zien, gero haiek geletan parte hartu ahal izateko.

 

Gaur egun proiektuarekin jarraitzen dugu eta gure eskolak bizi izandako eraldaketarako oso lagungarria izan da. Alde batetik, irakasleen eta familien arteko harremanak hobetu egin dira, helburu berbera baitugu: ikasleen emaitzak hobetzea. Bestalde, familiak eskolako parte sentitzen dira, izan ere, ikusten dute beren seme-alabei lagun diezaieketela eta haien ekarpenak errespetatzen eta kontuan hartzen direla. Gure familiek eskolaren bizitza osoan parte har dezakete eta horrela egiten dute: hileko asanbladetan; batzorde mistoan; dinamizatzaile, talde elkarreragileetan; tutoretzetan; irteeretan; eta solasaldi literarioetan. Haien laguntza behar dugu eta eurek beren ahotsa entzun dadila nahi dute.

 

Gure eskolan boluntario askok parte hartzen dute: unibertsitatetik, hainbat elkartetatik, auzotik… eta elkarlan horrek laguntzen digu gure ikasleek, gure seme-alabek dauzkaten aukerak berdinak izan daitezen.

 

Nire ustez, gaur egun Elejabarri eskolako potentzialtasuna familiak eta boluntarioak dira. Lortu diren aurrerapenak teoria zientifikoetan oinarrituta daude, eta guztion parte-hartzearekin lortu da, familiekin, boluntarioekin, auzoarekin, elkarteekin, eskolako langileekin eta ikasleekin. Hezkuntzako profesionalok frogatutako teoria zientifikoen berri izan behar dugu, gure ardura baita horiek eskolen bizitzara eramatea.

Egilea: Monika Solana

file-1