Elebidun edo elebakar izan, gizaki guztiok gara hizkuntzaz jabetzeko gai. Guztiok jabetzen gara jaiotzetik gure inguruan hitz egiten den hizkuntzaz. Harritzekoa da, gainera, jabekuntza-prozesu hori zein azkar gertatzen den, urte gutxiren buruan iristen baitira haurrak inguruan entzuten duten hizkuntza hori garatzera.

 

Jabekuntza-prozesua hizkuntza bakarrarekin gertatzen denean, hau da, haurra elebakarra denean, gurasoak ez dira orokorrean prozesu horren inguruan horrenbeste kezkatzen. Alabaina, aipatutako prozesuak bi hizkuntza biltzen dituenean, areagotu egiten dira askotan gurasoen kezkak. Izan ere, haur elebakarrekin alderatzen dituztenean, askok uste dute elebitasunaren ondorioz hizkuntza beranduago eta hiztegi murritzagoarekin erabiltzen dutela haur elebidunek.

 

Usteak uste, hizkuntzaren jabekuntzan aditua den Nuria Sebastián-Gallés psikohizkuntzalariak haur elebidunen hizkuntza-jabekuntzaren erritmoak elebakarrenarekin bat egiten duela azpimarratzen du. Ikertzaile honek dioenez, haur elebakar eta elebidunak beren inguruko hizkuntza(k) adin berean bereizteko gai dira; adin berean finkatzen dituzte beren hizkuntz(et)ako fonema inbentarioak –hau da, hizkuntza bakoitzak bereak dituen hotsak–, eta adin berean garatzen dute hitzak objektuekin erlazionatzeko gaitasuna.

 

Alabaina, elebidun eta elebakarren artean hizkuntza-jabekuntzaren erritmoa antzekoa izateak ez du esan nahi jabekuntza-prozesu hori era berean gauzatzen denik. Izan ere, elebidunek hizkuntzak prozesatzeko aparteko estrategiak garatu behar izaten dituzte elebitasunak dakarkien erronkari ahalik eta era eraginkorrenean aurre egiteko. Hori da, hain zuzen ere, haur elebidunen jabekuntza-prozesua elebakarrenenetik bereizten duena.

 

Inguruan bi hizkuntza entzuteak hizkuntza horien ezaugarriei arreta handiagoa jartzea eskatzen die haur elebidunei, eta horrek hizkuntzaren jabekuntza aztergai duten esperimentuetan haur elebidun eta elebakarren emaitzak desberdinak izatea dakar. Alde batetik, elebidunak elebakarrak baino azkarragoak izan ohi dira funtzio exekutiboa eskatzen duten ariketetan. Hala gertatzen da, esaterako, silaba edo forma bisual errepikakorrak dituzten arau sinpleak identifikatzea eskatzen duten horietan.

 

Hori hala izanik ere, beste zenbait ariketatan elebidunek elebakarrek baino emaitza kaxkarragoak lortzen dituzte. Horixe gertatzen da, adibidez, zenbait hitzen ahoskera okerra antzematea eskatzen zaienean. Sebastián-Gallésen ustez, guraso bakoitzak hizkuntza bat darabilen etxe elebidun askotan, haurrak gutxienez bi hizkuntzetako batean jatorrizkoa ez den azentu edo ahoskera entzuteko aukera du gurasoetako bat berea ez den hizkuntzan ari denean. Hori dela eta, haur horiek hizkuntza berean aldaera bat baino gehiago onartzen dituzte, eta honenbestez, zailagoa egiten zaie esperimentuetan oker ahoskatutako hitzak  zuzen ahoskatutakoetatik bereiztea.

 

Honenbestez, Nuria Sebastián-Gallés-en artikuluan haur elebidun eta elebakarren arteko aldea benetan konplexua dela erakusten da. Hizkuntza bat ala bi ikasteak aldaketa kualitatibo esanguratsuak dakartza hiztunaren garunera, baina, esan bezala, aldaketa horiek ez dute zertan haur elebidunen hizkuntza-jabekuntzaren prozesua elebakarrena baino motelago bihurtu.

Egilea: Ane Odria

Ane Odria