Siriako gatazka hasi zenean, irakasle batzuek erabaki zuten bertan geratzea eta umeak eta gazteak irakasten eta hezten segitzea, gaita guztiak gainetik.

Nahiz eta egoera jasangaitza izan, irakasle horientzat ezinbestekoa da Siria berreraiki eta berrabiaraziko duten umeak eta gazteak heztea. Baliabide eskasia egon arren, irakasleak gizarte zibilari eusten saiatzen ari dira -gehienetan dohainik-  irudimena, sormena, teknologia berriak zein bokazioa bitarteko gisa erabiliz.

Irakasle boluntario batzuen ustetan, eskolarik ez balego, ikasleek fusilak hartuko lituzkete. Irakasle horiek oso argi dute hezkuntza etorkizunaren giltza dela, Siriaren geroa, hain zuzen.

Klaseetara joaten diren umeei  oso zaila egiten zaie kontzentratzea, traumak direla eta;  hala ere, irakasleak saiatzen dira, ahal den neurrian, normaltasunari eusten.

Adibidez, azterketa publikoak egiteko eskubidea bermatzen saiatzen dira sotoetan bonbardaketetatik urrun.  Hezkuntza-prozesua oinarrizko ekintza bihurtu da hainbat lekutan. Berdin dio zer gertatzen den, ikas-irakaste prozesuak bizirik dirau.

Zailtasunen aurrean irtenbideak garatzen dituzte hezitzaileek. Alepon, eskola handiak  suzirien jomuga bilakatu zirenean, irakasleek eskola handiak utzi eta auzoetako sotoetan  ekin zioten klaseak emateari. Horrela, biktima potentzialen kopurua gutxitu nahi zuten, ikasle gutxiago egongo zirelako, eta  horiek, gainera, ez zutelako suaren mende lekuz aldatu beharko.

“Free Aleppo University” izeneko unibertsitateak 2016an zabaldu zituen ateak Idliben.  Hori, Siriako goi-ikasketak garatzen dituen erakunde bakanetakoa da. Zonalde horretan, bonbardaketek etenik ez duten egunetan, unibertsitateak aurrez aurreko klaseak albora utzi eta WhatsApp bidez ematen  ditu, edota nazioarteko hitzaldiak entzuten dituzte online.

Hantxe, bestalde,  Hay’at Tahir al-Sham fakzio militarra boterea hartzen saiatu zen duela gutxi, baina ikasleek eta irakasleek, batera, galarazi egin zioten. Horren aurrean, fakzio militarrak hitzaldiak debekatu egin zituen  unibertsitatean. Orain, ondorioz, eraikinetatik kanpo izaten dira unibertsitateko klaseak.

Idlib, Alepo zein Siriako beste hainbat zonaldetan  eskolak ezinbesteko rola jokatzen ari dira ikasleen hazkuntza prozesuan. Irakasleek  psikologo lana egiten dute askotan, ikasleen ibilbide pertsonala zainduz. Neska-mutilek eskolara joatea maite dute eta, irakasleekin batera, ahalegin handia  egiten ari dira euren ametsek aurrera jarrai dezaten.

Egilea: Iraitz Hurtado

IMG_20180314_172758