Zer efektu dauka Haur Hezkuntzak ondoren egiten diren ikasketetan? Galdera horri erantzun diote Harvard, New York, Kalifornia, Washington eta Wisconsineko Unibertsitateko ikertzaile adituek. Horretarako, AEBetan azken 50 urteetan gaiari buruz egin diren hogeita bi goi-mailako ikerketa aztertu dituzte. Halaber, 1960-2016 artean Haur Hezkuntzan eskolatu zituztenen eta ez zituztenen emaitzak konparatuz ikertu dute Haur Hezkuntzan eskolatzeak epe ertainera eta epe luzera dituen efektuak. Lan horren emaitza 2017an argitaratu zuten Impacts of Early Childhood Education on Medium- and Long-Term Educational Outcomes artikuluan.

Aipatutako helburuari heltzeko honako hiru irizpide hartu dituzte kontuan: ondorengo ikasketetan Hezkuntza Berezian egotea, ikasturtea errepikatzea eta goi-mailako ikasketetan arrakasta izatea. Zergatik aukeratu zituzten irizpide horiek? Alde batetik, gaiari buruz dagoen literaturaren azterketak  iradokitzen duelako Haur Hezkuntzan lantzen diren gaitasunek eta ondorengo ikasketetan ibilbide positiboa edukitzeak erlazio zuzena izan dezaketela (kontuan izanda irizpide horiek epe luzekoak edo ertainekoak izan daitezkeela). Bestetik, Hezkuntza Bereziaren, errepikapenen eta goi-mailako Hezkuntzaren gastua altua da; beraz, beraz Haur Hezkuntzaren balizko onurak ezagutzea horren gainean erabakiak hartzeko orduan.

Orokorrean, ikerketaren emaitza positiboa dela esan daiteke. Ikerketan nahiko argi azaltzen da ondoko hau: Haur Hezkuntzan parte hartzea Hezkuntza Berezia behar izateari, errepikapenen kopurua murrizteari eta goi-mailako ikasketetan graduatuen kopurua handiagotzeari lotuta dago. Horregatik, Haur Hezkuntza aldez aurretiko euskarri bat izan daiteke haurren ikasketa prozesuan,  ikasketak arrakastaz amaitu ahal izateko. Jakina denez, Hezkuntza Berezian egotea edo ikasturtea errepikatzea errekurtsorik gabeko familien ikasleen artean ohikoagoa da; beraz, haur horientzat Haur Hezkuntzan hasteak arrisku horiek gainditzen lagun dezake.

Aipatutakoaz gain, emaitzek erakusten dute merkeagoa dela Haur Hezkuntzan inbertitzea Hezkuntza Bereziko ikasleen premiei erantzutea eta errepikapenak egitea baino.

Datu hauek kontuan izanda, AEBetako eskola publikoen inbertsioak HHn gora egin du. Izan ere, ikerketa honek ondorioztatzen duenez, Haur Hezkuntzako ikasketak sustatzea bide ona da zama ekonomikoa eta bidegabekeria murrizteko.

Egilea: Alba MH