2010eko lehen kongresu hartatik orain arte ez da munduan izan Emakume Ijitoen II. Nazioarteko Kongresua bezalako ekitaldirik. Martxoaren 23 eta 24 bitartean, 15 herrialdetako 350 emakume ijito elkartu dira. Euren kezka eta arazoentzat irtenbide bila aritzeaz gain, ilusioz eta energiaz bete dute Bartzelonako Caixaforuma. Drom Kotar Mestipen eta Kataluniako Ijito Herrirako Plan Integrala kongresu historiko hau antolatzeaz arduratu dira.

Bi eguneko ekitaldi arrakastatsu horretan, hamaika profiletako emakumeek hartu dute hitza. Adin, lanbide, jatorri zein orientazio ideologiko anitzeko emakume ijitoak izan dira protagonista. Hainbat esperientzia eta proiektu partekatu dituzte; eta, halaber, hezkuntza, osasuna eta etorkizuneko erronkak izan dituzte hizpide. Bereziki nabarmenak izan dira baldintza sozioekonomiko latzetan daudenen ekarpenak.

Euskal Herritik 50 bat emakume bertaratu dira: ama, amona, izeba, alaba, iloba, ahizpa, ikasle eta irakasleak.  Haietako batzuk Sim Romí emakume ijitoen elkartekoak dira; Sansomendi ikastetxeko senitartekoak, beste batzuk; eta Nafarroakoak, gainontzekoak. Sim Romí elkartekoek kongresuan zehar euren osasunaren inguruko esperientziak partekatu dituzte. Hausnarketa eta ideia ugari jorratzeaz gain, pentsamenduek bizitza aldatzeko boterea dutela biziki azpimarratu dute. Hitz ahalmentsu horiek beroriek parte- hartzaile bakoitzaren bihotzetan sakonki sartzea eta kontzientzia sortzea lortu dute.

Kongresuak giro aproposa sustatu du nazioarteko sareak sendotzeko, proposamenak plazaratzeko, lankidetza bultzatzeko, eta baita hainbat emakume ijitoren ahotsak entzuteko ere.

Gertaera historikoa izan dela adierazi dute hainbat emakumek kongresuan zehar. Gainera, kongresuan argi gelditu dena zera da, elkarlana eta esperantza ezinbestekoak direla ametsak errealitate bihurtzeko.

Egilea: Olatz Campos

olatz