Ikasle saiatua izatea, nortasunaren ezaugarri “ez kognitibo” bezala ulertuta, zuzenki loturik dago, besteak beste, autokontrola edukitzearekin, arduratsua eta langilea izatearekin, arauak errespetatzearekin eta zehaztasunez lan egitearekin. Hori horrela, ez da harritzekoa eragile batzuek (eskolak, familiak, mota askotariko erakundeek…) jarrera hori sustatzeko ahaleginak egitea. Eskolako testuingurura ekarrita, saiatua izatea errendimenduaren eragile nagusienetakotzat aurkezten zaigu. Eta, era berean, etxerako lanak egiteko jartzen den esfortzua errendimendu akademikoaren adierazletzat hartzen da.

 

Baina, ba al dago loturarik etxerako lanen eta saiatua izatearen artean? Edo bestela esanda, etxerako lanak egiteak saiatuago bihurtzen du ikaslea? Hau da, aldaketarik eragiten al du bere nortasunean? Bada, galdera horri erantzuna eman nahi izan dio Alemania eta AEBetako hiru unibertsitatek (University of Illinois, University of Tübingen eta University of Houston) elkarlanean egindako ikerketa batek (Is doing your homework associated with becoming more conscientious?).

 

Hiru urtean zehar bi mila haur eta nerabe baino gehiago aztertu duten ikerketa honetan adierazten denez, ikasleek etxerako lanak egiteko erabiltzen duten ahaleginak (eta ez denborak) eragin zuzena dauka beraien jarrera aldaketan; zehatzago esanda, ikasleak ikasturteetan aurrera doazen heinean etxerako lanak egiteko behar duten ahalegin aldaketak (lehen hezkuntzatik bigarrenera ematen den horretan, adibidez) positiboki eragiten du ikasleek azaltzen duten jarrera arduratsuan. Horrela, eta nortasunaren teorien hipotesiei jarraituz, jarrera aldaketa horiek nortasunean aldaketak izateko beharrezkoak diren lehen urrats bihurtzen dira.

Aipatutako gai edo lotura hori landu duen lehenbiziko ikerketa izanda, asko dago oraindik aztertzeko, baina argi geratu da etxerako lanek sorrarazten duten eztabaidarako ikuspegi berria zabaltzen duela. Ikertzaileen hitzetan, hezkuntzak epe luzera eragiten dituen aldaketei buruzko ezagutza izateak, maila kognitiboan ez ezik, nortasunean ere gertatzen diren aldaketak hautemateko mekanismoak aurkitzeko aukera berriak eskaintzen dizkigu.

Egilea: Lander Azkue

1521482564734_adobe (2)