Ikerketa zabal batek argi frogatu du eskolek potentzialki gaitasun handia dutela edozein testuinguru sozio-kulturaletan emaitza akademiko onak lortzeko. Beraz, jatorri sozio-kulturalak ez ditu emaitzak determinatzen. Aitzitik, gakoa eskolak eskaintzen dituen ikasteko aukeretan dago. Hala diote Standford Unibertsitateko Sean Reardon-ek orain gutxi plazaratu duen ikerketaren emaitzek, AEBetako 11.000 eskola barruti aztertu ondoren.

Aspalditik datorren eztabaida bati erantzun nahi dio ikerketa horrek: eskolek zer egiten dute, desberdinkeria soziala gainditzen lagundu ala berori sendotu? Gero eta ikerketa gehiagok erakusten dute eskolak desberdinkeriari aurre egiteko gai direla. Reardon ere ondorio berera iritsi da. Gaitasuna bai, badute, eta argi dago eskola batzuek gaitasun hori eraginkortasunez erabiltzen dutela arazoari heltzeko. Eskola eraldatzaile horien adibide oso esanguratsuak aurki daitezke Reardon-en ikerketan.

Chicagoko eskola barrutian, esate baterako, normalean ikasten dena baino askoz gehiago eta azkarrago ikasi zuten aztertutako epean, batez beste. Normalean 6 urtean ikasten zena Chicagon 5 urtean ikasi zuten. Ikasleak txikiagoak zirenean, emaitzak okerragoak ziren, baina, ondoren, ikasteko aukera handiak izan zituztenez, normalean baino askoz gehiago eta azkarrago ikasi zuten, eta, horren ondorioz, ikasle horiek emaitza onak izatera iritsi ziren.

Hala ere, Reardon-ek nabarmentzen du, aldi berean, eskola batzuek ez dutela aukera hori baliatzen eta desberdinkeria bere horretan uzten dutela, edo are gehiago, hura sendotu ere egiten dutela

Arestian aipatu bezala, beraz, ISEK (Indize Sozio-Ekonomiko eta Kultural) altua edo baxua izatea ezin da traba izan emaitza akademikoak azaltzerakoan. Reardon-en ikerketak argi erakusten du hori. Gakoa ikasteko aukera egokiak eskaintzean datza. Gainera, Reardon-ek dioenez, ISEK baxua eta ikaskuntza emaitza onak dituzten ikastetxeak ondo ikertzea merezi du, zer egiten duten aztertuz asko ikas baitezakegu. Emaitza onenak lortzeko zer baldintza sortu behar diren identifikatzea da garrantzitsuena.

Ikerketa sendoa da Reardon-ena, lagin oso zabala erabili baitu, 45 milioi ikaslek egin dituzten 300 milioi test aztertuta. Horretarako, Stanford Education Data Archive-ko datuetan oinarritu da. Ikerketan, 3. mailako (8-9 urte) eta 8. mailako (13-14 urte) ikasleen bilakaera akademikoa aztertu du, 2008-2009 eta 2014-2015 ikasturteen artean, estatus sozio-ekonomikoa aintzat hartuta. Bestalde, bi ezagutza eremu hartu ditu kontuan: matematika eta English Language Arts (ELA) izenekoa.

Beraz, testuinguru sozio-kultural batzuk zailegiak direla esaten digutenean, ebidentzietara jotzea komeni zaigu. Eskolek badute desberdinkeriari aurre egiteko gaitasuna, Reardon-en ikerketak ez ezik gero eta ikerketa gehiagok ere frogatzen duten bezala. KAIERAn, jakina, jarraituko dugu haien berri ematen.

Egilea: Harkaitz Zubiri

IMG-5117